Manifestaziora joandako herritar baten adierazpenak laburbiltzen du aurtengo ekinaldiaren helburua: «Hau ez da soilik Tiananmengoa oroitzeko, 2019koa gogoratzeko ere bada [estradizio legearen kontrako protestak]». Duela 32 urte Pekingo plazan izandako sarraskiko biktimen omenez Hong Kongen urtero egiten duten protesta bigarren urtez jarraian debekatu du Txinak, osasun arrazoiak argudiatuta, baina horrek ez du eragotzi aurten ere milaka lagun kalera atera izana protesta egitera, oroimenerako ohiko eremua, Victoria Parkea, agentez josita egon den arren. Horren ordez, eskualde administratiboan hainbat martxa egin dituzte kaleetan barrena.
Manifestatzeko debekuari inork entzungor egin ez ziezaion, segurtasun indarretako 7.000 kide bidali zituzten eskualde administratibora, baina horrek ez du Pekinek esperotako erreakzioa eragin, kontuan harturik aurten indarrean dagoela Segurtasun Nazionalerako Legea, eta horrek poliziei modua eman diela askeago jokatzeko; testua onartu zenetik, Hong Kongen ugaritu egin dira atxiloketak, eta gaurko manifestazio gaua ez da salbuespen bat izan, gutxienez sei lagun eraman baitzituzten komisariara, independentziaren aldeko eta Txinako Alderdi Komunistaren kontrako oihuen artean.
Tartean, Chow Hang Tung, oposizioko kide eta Txinako Mugimendu Patriotiko Demokratikoak Laguntzeko Hong Kongeko Aliantzaren presidenteordea eraman dute polizia etxera; hain justu, sarraskia gogoratzeko ekitaldi bat antolatzea egotzita atxilotu dute.
Txinako Gobernuak iragan astean ohartarazi zuen Tiananmengoa oroitzeko elkarretaratze edo baraualdietan parte hartzen dutenek bost urteko espetxealdia jaso zezaketela —hamarkadotan soilik Hong Kongen egin dituzte sarraskiko biktimen omenezko manifestazioak—. Aliantzak berak egina zuen elkarretaratze baterako deialdia aldez aurretik, baina, Pekinen mezuaren ostean, bertan behera uztea erabaki zuen; Chowk, berriz, kalera aterako zela jakinarazi zuen.
Duela urtebete, iazko ekainean, Txinak Segurtasun Nazionalerako Legea onartu zuen Hong Kongerako, zeinak debekatu egiten dituen «sedizioa, sezesioa eta atzerriko esku hartzea». Testua indarrean sartuz geroztik egiten zen halako lehen ekitaldia zatekeen Tiananmengo sarraskia salatzeko elkarretaratzea, bertan behera utzi izan ez balute; izan ere, Polizia ere atera da kalera, manifestariei ohartarazteko lege hori urratzen ari zirela.
Debekaturiko auzia
Sarraskia debekatutako auzia da oraindik Txinarentzat; izan ere, 1989ko apirilaren eta ekainaren bitartean manifestariek egindako aldarrikapenak bete gabe jarraitzen dute oraindik, eta Pekinek berak ez du inoiz argitu zenbat ikasle hil zituzten segurtasun indarrek protestarien aurka jo zutenean.
Kopurua desberdina da giza eskubideen erakunde bakoitzaren arabera, baina ehunka eta milaka artean lirateke; batzuek 300 eta 3.000 artean direla deritzote.
Koronabirusaren pandemia aurretik ere, Txinak debekatu egin izan ditu hildakoen omenezko ekitaldiak, eta horretarako segurtasun neurriak zorroztu; komunikabideek, gainera, ezin dute sarraskia aipatu ere egin. 1989ko ekainaren 4ko gertaerak inoiz jazo ez balira bezala jokatzen du Txinako Gobernuak, eta herritarrek beste horrenbeste egiten dute.
Urteurren batzuetan, gainera, debekatu egin izan dute Pekingo plazari argazkiak ateratzea edota hango irudiak hartzea.