Urteak daramatzate errepublikanoek Barack Obamak bultzatutako osasun sistema bertan behera uzteko ahaleginetan. Hain zuzen, hori izan zen Donald Trumpen presidentetzarako kanpainako zutabeetako bat. Ordea, hark ere huts egin du.
AEBetako Senatuak neurriaz eztabaidatzea onartu eta hurrengo egunean egin dute erreforma indargabetzeari buruzko bozketa, baita galdu ere. 51 senatarik bozkatu dute Trumpen ekinbidearen aurka, eta 49k alde. Aurka bozkatu dutenen artean dira hiru senatari errepublikano; tartean, John McCain presidentegai izandakoa.
Bozkatzeko garaian, goi ganberan zen Mike Pence presidenteordea ere, berdinketa izanez gero esku hartzeko asmoz, bezperan egin zuen moduan. Baina ez du horretarako aukerarik izan. Trumpek berak proposamena babesteko eskaera egina zien alderdikideei sare sozialetan:
Go Republican Senators, Go! Get there after waiting for 7 years. Give America great healthcare!
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) 28 de julio de 2017
Bozketa irabazita, Chuck Schummer buruzagi demokratak elkarlanerako deia egin die errepublikanoei, egungo osasun sistema "hobetuko duen" proposamen bat lantzeko.