PP-MA alderdikoa da Maranhao, eta, O Globo egunkariak argitaratu duenez, kaleratzearekin mehatxatu du alderdiak. Horregatik egin du atzera, kazeta horren arabera.
Apirilaren 17ko saioaren emaitza bertan behera utzi zuen atzo Maranhaok. 513 diputatutatik 367k bozkatu zuten Dilma Rousseff presidentea kargugabetzearen alde, PT Langileen Alderdiaren inguruko ustelkeria auzietan erantzukizuna duela argudiatuta. Diputatuen Ganberako presidenteak, ordea, ontzat eman zuen Estatuko abokatuaren eskaria; kargugabetze prozesuan "praktika txarrak" zeudela argudiatu zuen abokatuak, eta horrek bozketa baliogabetzen zuela.
Maranhaon, iragan astetik karguan
Maranhaon PP Alderdi Aurrerakoiko kidea da (eskuindarra). Joan den astean hautatu zuten Diputatuen Ganberako behin-behineko presidente, Auzitegi Gorenak kargutik kendu ondoren Eduardo Cunha, hura ere ustelkeria auziek zirpiztindu dutelako. Cunha izan da Rousseffen aurkako prozesu politikoaren bultzatzaile nagusietako bat.
Senatuko bozketa aste honetarako zegoen programatuta, eta, ezusterik ezean, kargugabetzearen aldekoek bazituzten behar adina boto. Haiek irabaziz gero, berehalako ondoriotzat utziko zukeen Rousseffek kargua behin-behinean galtzea sei hilabeterako, behin-betiko erabakia etorri arte.