Atzera kontaketa

2004ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
steazkena, 20:00ak, Ljubljanako alde zaharra. Nazorieva kaletik musika entzuten da. Presernov plazan gazte asko daude, eta txirrinda asko aparkatuta. Izan ere, hiri txikia denez, jende asko ibiltzen da patinetan, korrika, txirrindaz edo oinez bide gorrian. Plazaren iskina batean Europako Batasunaren mapa bat margotuta daukan bi solairuko autobus bat dago: Lijna 25. Ez da Bruselaren ibilgailu didaktiko bat, Herbehereetako telebista publikoa EB berriko eta zaharreko bosna hirira egiten ari den bidaiarako garraiobidea baizik. Letonia, Polonia, Txekia, Hungaria eta Eslovenian izan dira. Datorren larunbatetik aurrera, aldiz, Italia, Frantzia, Herrialde Katalanak, Alemania eta Belgikara joango dira. Irrati, internet, telebista, eta umeentzako albistegietako kazetariak ari dira bertan lanean. Duela bost aste hasi zuten bira eta bost aste barru amaituko dute, arduradun nagusiaren arabera.

Bi kale aurrerago, Kongresni plaza handian, EBko 25 herrialdeetako banderak daude zintzilik. Hedapena ospatzeko kontzertu bat dago, eta plazan gazte asko (Unibertsitatea zein Arte eta Zientzia Akademia gertu daude) eta helduago bakan batzuk. Rap, House eta bestelako hainbat musika eskainiko dituztela iragarri dute oholtzan. Inguruetan, Europako herrialdeetan eginiko argazkiak daude erakusgai.Alde zaharrak giro berezia du, kolore ezberdinetako argi suabearen eraginez. Terraza asko daude, eguraldi ona lagun. Tartean, Ljubljanica ibaia igarotzen da eta goian Ljubljanako gaztelua, zaindari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.