Atzera Kremlinera

Putinek presidente kargua hartu du datozen sei urteetarako; ehunka lagun atxilotu dituzte protestetan

2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Lau urteko atsedenaren ondoren Vladimir Putin Kremlin jauregira itzuli da, datozen sei urtetarako Errusiako presidente kargua hartuta. Inoiz ez zen boteretik guztiz aldendu, lehen ministro karguan eman baititu azken lau urteak, baina bere itzulera ospatzeko ekitaldi arranditsua egin du, garai bateko Errusiako Tsarren tronu gelan. «Erabaki berriak hartu beharko ditugu, ondorengo urteak erabakigarriak izango baitira Errusiaren etorkizunerako eta Eurasia osoko liderrak bilakatzeko», adierazi du Putinek karguaren zina egiterakoan.

Entzuleen artean zeuden, besteak beste, Mikhail Gorvatxov Sobiet Batasuneko buruzagi ohia, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministro ohia, eta presidentetzarako lehian Putinek aurkari izan zituen lau hautagaiak. Presidente eta lehen ministro izan den hamabi urteen ondoren herrialdeak «ekonomikoki aurrera egiteko» behar duen guztia duela nabarmendu du presidenteak. Bestalde, Errusiako demokrazia eta eskubide konstituzionalak indartu behar direla aipatu du. «Herrialde demokratiko batean bizi nahi dugu, eta biziko gara, eta bertan guztiek izango dute lana egiteko eta norbere gaitasunak garatzeko askatasuna», esan du Putinek.

Presidenteak eskubideak indartu beharra aipatu badu ere, Poliziak ehunka manifestari atxilotu ditu Moskuko kaleetan, Kremlinetik gertu. Oposizioak atxiloketak kritikatu ditu, ekintza baketsuak egin dituztela argudiatuta. Olga Xorina oposizioko Elkartasuna taldeko bozeramaileak kontatu duenez, hiriburuko erdigunean dagoen parke batean bildu dira, zinta zuriak eskuetan —Putinen kontrako sinboloa— , eta Polizia bilkura desegiten ahalegindu da. Manifestariek uko egin diote alde egiteari, etagobernuaren aurkako kontsignak oihukatzeari ekin diote. Orduan Polizia jendea atxilotzen hasi da, Xorinaren arabera. Moskuko Poliziaburuak hitzeman du atxilotutako lagun guztiak aske utziko dituztela «polizia etxeetan erakuspenez betetako elkarrizketa izan ondoren».

Igandean, berriz, Putinen aurkako mitin baten parte hartu nahi izan zuten lagunen eta Poliziaren artean liskar gogorrak piztu ziren, eta 400 eta 600 lagun artean atxilotu zituzten. Ekitaldiak gobernuaren baimena zuen, baina gehienez 5.000 lagun bil zitezkeela esan zieten antolatzaileei. Poliziak dio 8.000 lagun elkartu zirela, eta oposizioak, berriz, aurreikuspenak gainditu eta 20.000 bildu zirela dio. Poliziaren presentzia erabatekoa izan zen hirian, eta liskarrengatik ezin izan zuten mitina egin. Oposizioko hainbat buruzagi atxilotu zituzten, besteak beste, Ezkerreko Fronteko Sergei Udalzov edo gobernuko presidenteorde ohi Boris Nemtsov. Putinen prentsa arduradunak adierazi du Polizia «bigunegi» aritu dela.

Analista politikoek diote gobernuaren aurka herrialdean sortu diren protestak kudeatzea izango dela presidenteren erronka nagusietako bat datorren legealdian. Izan ere, abenduko parlamenturako hauteskundeetan iruzurra salatzeko manifestazio jendetsuak egin zituzten, eta ordutik oposizioak hainbat aldiz bete ditu kaleak protesta egiteko.

Medvedeven fideltasuna

Lau urte hauetan presidente izan den Dmitri Medvedeven lana loratu du Putinek karguaren zina egin ondorengo hitzaldian, Errusiaren garapena eta modernizazioa bultzatu dituela nabarmenduz. Espero bezala, Putinek Medvedev lehen ministro izateko proposatu du, tandem politikoak oraindik indarrean jarraitzen duela agerian utziz.

Gaur bozkatuko dute Duman —parlamentuan—Medvedeven hautagaitza, baina, Putinek zuzentzen duen Errusia Batua alderdiak gehiengoa duenez, bermatuta dauka postua. Putinek eta Medvedevek San Petersburgeko alkatetzan ezagutu zuten elkar, eta ordutik ez dira banandu. KGBko agente ohia Medvedevenagintaldiko erabaki askoren atzean zegoela dio oposizioak, eta azken horri Putinen txotxongilo izatea egotzi diote maiz.

Konstituzioa moldatu egin dute, eta, horri esker, sei urte ditu Putinek aurretik. Bi aldiz bakarrik aurkeztu badaiteke ere presidenteak argi utzi du legeak ez duela atzeraeraginezko ondoriorik. «Guztiok helduak gara, eta badakigu horrek zer esan nahi duen», adierazi du. Oposizioak boterean betikotu nahia leporatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.