Italia. Berlusconiren gobernua kolokan

Atzerako kontua hasi da Berlusconirentzat

Dimisioaren zurrumurruak ukatu ditu Italiako lehen ministroak, eta konfiantza mozioa eskatuko duela iragarri du2010eko aurrekontuak bozkatuko dituzte gaur parlamentuan, PDL gutxiengoan dela

Jon Fernandez.
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Oraingoan, bai. Ia ziurtzat jotzen dute Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren gobernua erori egingo dela, hainbat hilabetez amildegiaren ertzean egon ostean. Europako Batasuneko kideek neurri ekonomikoak lehenbailehen hartzeko egindako presioek, burtsen kolpeek eta arrisku sariaren inoiz ez bezalako gorakadak kinka larrian jarri du Italiako Gobernua. Berlusconik dimisioa «berehala» emango duela iragarri dute Italiako komunikabideek; hala ere, lehen ministroa ez dago boterea berehalakoan uzteko prest. Azkeneraino eutsi nahi dio. «Dimisioaren gaineko zurrumurruek ez dute inolako oinarririk», adierazi du Berlusconik. Aulkiari eusteko borrokatzeko prest dagoela iragarri du, eta mehatxu egin die bere alderdikideei ere. Oraingoz ez du kargua lagako, konfiantza mozioa eskatuko du parlamentuan. «Aurpegia ikusi nahi diet traizioa egin nahi didatenei».

Giuliano Ferrara gobernuaren hurbileko Il Foglio egunkariko presidenteak piztu zuen atzo gobernuaren balizko erorketaren zurrumurrua, Berlusconiren dimisioa «ordu batzuk barru» gertatuko dela baieztatuz. Paolo Berlusconi lehen ministroaren anaia da Il Foglio-ren akziodunik handiena, eta gobernuarekiko hurbiltasunak sinesgarritasuna eman zion informazioari. Albistea zabalduz batera, gora egin zuen Milango burtsak, eta behera, berriz, arrisku sariak. Baina hoberako joerak zurrumurruak iraun beste iraun zuen: ordu batzuk. Izan ere, lehen ministroak egin bezala, Fabrizio Cicchitto PDL Askatasunaren Herria alderdiko bozeramaileak ere ukatu egin du dimisioaren aukera, eta aurrez ezarritako agendarekin jarraituko dutela baieztatu du.

Gutxiengoa parlamentuan

Nolanahi ere, Berlusconik nekez beteko du aurreikusitako agenda. Gaur du lehen azterketa, parlamentuan. Joan den urriaren hasieran egindako saioan onartu gabe geratu ziren 2010eko aurrekontuak onartzeko eskatuko dio legebiltzarrari. Urrian ez zuen behar adina babes lortu, eta ondorioz, ozta-ozta egin zion aurre konfiantza mozioari. Gaurkoan ere zaila izango da aurrekontuak onartzea, lehen zeukan gehiengoa galduta iritsiko baita Berlusconi legebiltzarrera.

«Jada ez daukagu gehiengorik, alferrekoa da ernegatzea», ohartarazi dio Roberto Maroni Barne ministroak lehen ministroari. Izan ere gobernutik bertatik iritsi zaizkio azken egunotan kritikarik gogorrenak Berlusconiri, bai Lega Nord alderdi aliatuaren aldetik —Maroniren kasuan bezala—, bai PDLko alderdikideen ahotik. Banaka-banaka, alderditik alde egin diote hainbat adiskide zaharrek Berlusconiri; Gabriella Carlucci telebistako izar ohi eta PDLren parlamentari beteranoaren ihesa izan da azkena. UDC Zentroko Batasuna alderdira pasatu da Carlucci, eta azaldu duenez, PDLk 20 kide inguruk bozkatuko dute aurrerantzean gobernuaren kontra. Hortaz, azken uneko ezustekorik ezean, Berlusconik 314 boto baino ez ditu jasoko parlamentuan, eta gutxiengoan geratuko da, gehiengo osoa lortzeko behar dituen 316 botoetara iritsi barik.

Dena dela, oraindik ere behar dituen parlamentarien babesa eskuratzeko gai dela uste du lehen ministroak, eta horretarako, lanean ari da erlojuaren kontra. Sarri egin die aurre gainditu ezinezkoak ziruditen egoerei, eta orain arte eutsi dio; oraingoa, halere, muturreko egoera da, etxetik ez eze nazioartetik ere presio egiten baitiote gobernua laga dezan. Aste honetan, Europako Batasuneko begirale batzorde bat joango da Italiara, gobernuak hartzen dituen neurri ekonomikoak kontrolatzera; datorren larunbatean, gauza bera egingo du NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere.

Gaur parlamentuan 2010eko aurrekontuak onartu ala ez, bihar Europako Batasunarekin hitzartutako murrizketa eta hazkunde plan berria aurkeztuko du Berlusconik Senatuan. Bozketa horretan bertan konfiantza mozioa eskatuko du, gainera. «Europako Batasunari eta Europako Banku Zentralari bidali diodan neurri ekonomikoen inguruko gutunaren gaineko konfiantza mozioa eskatuko dut Senatuan», iragarri du Berlusconik.

Gizartea ere kontra

Il Foglio-ren zuzendariaren arabera, ordea, dimisioa atzeratzeko jokaldia baino ez da lehen ministroarena. «Berlusconik aurrekontuak eta Bruselak eskatutako neurri ekonomikoak onartzeko konfiantza eskatuko du bi ganberetan, eta minutu bat geroago emango du dimisioa, urtarrilerako hauteskundeetara deituz».

Izan ere, gobernua jausiz gero, aukerarik onena bozka aurreratzea dela ohartarazi du PDLk, oposizioa eskatzen ari den behin-behineko gobernu teknikoaren kontra. Egungo gobernu koalizioaren hondoratzea saihesteko asmoz, «pauso bat atzera emateko» eskatu dio Lega Nordek lehen ministroari, lehen ministro kargua PDLko beste kideren bati emateko eskatuz. Alferrik, ordea. «Ez, eskerrik asko, aurrera egiteko adina zenbaki ditut», erantzun dio Berlusconik. Balizko gobernu teknikotik kanpo geratzeko beldur da Lega Nord.

Bitartean, Berlusconik erabat galdu du gizartearen babesa. Demopolis erakundeak eginiko inkestaren arabera, Erromako gobernuak krisi ekonomikoaren inguruan egin duen kudeaketaren kontra dago gizartearen %75.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.