Atzeralditik ihes betean

Finlandiako bozak irabazteko faborito da Zentroko Alderdia, eta eskuin muturrak gobernuan sartzeko aukera du.Ekonomia izan da boz kanpainaren ardatza

Juha Sipila oposizioko Zentroko Alderdiaren burua, hitzaldi bat ematen Vantaa hirian, aste honetan. MARKKU OJALA / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ekonomiaren inguruan ardaztu da Finlandiako Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, eta gaur erabakiko dute finlandiarrek parlamentuaren osaketa, eta, horrenbestez, gainbehera ekonomikotik atera beharko lituzkeen gobernua. Izan ere, Europa iparraldeko herrialdean ez dira garai gozoan bizi; hirugarren urtez atzeraldian da —%0,1 txikitu zen iaz—, eta langabezia tasak herrialderako ohikoak direnak gainditu ditu (%9). Datu ekonomiko kaskarrek Alexander Stubb lehen ministroaren Kokoomus alderdi kontserbadoreari kalte egin diote, eta politikan urte eskas daramatzan Juhi Sipilaren zentroko alderdia indartu dute.

Inkesten arabera, enpresa pribatuan aberastutako Sipilak hartuko du aginte makila Helsinkin. YLE telebista publikoak aste honetan kaleratutako azken inkestaren arabera, botoen %24 jasoko lituzke. Tarte zabalarekin nagusituko litzaioke Stubb lehen ministro kontserbadoreari (%16,9), nahiz eta hark urtebete besterik eman ez duen boterean. Inkesta horren arabera, Benetako Finlandiarrak eskuin muturreko alderdia hirugarren indarra bihurtuko litzateke (%16,7), eta sozialdemokratek botoen %15,1 jasoko lukete. Halere, zalantzatien kopurua handia da —%40—, eta azken hiru indarren arteko tarte txikiak airean utzi du bozen osteko aliantzen jokalekua.

Hartu beharreko neurri ekonomikoen inguruan lau alderdi nagusiak ados daude oinarrian, eta horrek zaildu egin dezake zalantzatien hautua. Egiturazko erreformak egin eta finantza publikoak murriztu behar direlakoan daude. Alegia: gerrikoa estutu beharko dute finlandiarrek.

Zentroko Alderdiko Sipilak 2.000 eta 3.000 milioi euro artean murriztu nahi du defizita hurrengo legealdian. Hori egiteko, gastu soziala murriztea eta lanpostuak sortzea aurreikusi du. Sozialdemokratak eta Benetako Finlandiarrak zenbait neurritan ados ez badaude ere, murrizketen tamainari balekoa eman diote. Kokoomus alderdia, ordea, are zorrotzago azaldu da, eta aurrekontua 4.000 milioi euro murriztea proposatu du.

Europan austeritate modeloaren defendatzaile porrokatua izan da Finlandia, eta herrialderako sendabide berbera proposatu dute politikariek. Baina aditu guztiak ez datoz bat: Finlandiaren zorpetze baxua dela eta —BPGaren %60—, pizgarriak baliatuz ekonomia suspertzearen alde egin dute ekonomialari batzuek.

Edonola ere, lehiakortasun arazoa da Finlandiako gainbeheraren muina. Lan kostua beste Europako herrialdeetan baino gehiago hazi da. Horrez gain, munduko herrialde zaharkituenetakoa da. II. Mundu Gerra osteko baby boom-a pisutsuegia izaten ari zaio altxortegi publikoari, jaiotzak ez baitira nahikoak izan horien tokia ordezkatzeko. Egungo gobernuak erretiroaren adina atzeratu du 63 urtetik 65era, eta lan egiten hastekoa aurreratu du. Baina neurriok ez dute esperotako emaitzarik ekarri.

Orain arte ekonomiari tira dioten sektoreak ere burua altxatu ezinik dabiltza. Nokiari lotutako sektore elektronikoa eta zurgintza herrialdearen ikurrak izan dira, baina orain gainbehera zorrotz batean daude.

Segurtasun eta defentsa politikak arreta gune garrantzitsua izan ohi dira hauteskunde oro, historikoki beti neutraltasunari eutsi baitio Helsinkik. Stubbek NATOra gerturatzearen alde egin du, eta batzorde bat sortzea proposatu du, Aliantza Atlantikora batzea aztertzeko. Sipilaren programak erakunde militarrarekiko harremanari eustea proposatu du, baina ez du Stubbek bezain urruti joan nahi.

Grezia izan da boz kanpainako desadostasun iturria. Zentristek 2011n Atenas diruz laguntzeko programaren aurka bozkatu zuten. Gobernura iritsiz gero, alderdiak ez du laguntza sorta hori ezbaian jarriko, baina ez du berri bat negoziatuko. «Finlandiak Greziarekiko hartu duen ardura handitzea pentsaezina da», adierazi du Zentroko Alderdiko idazkari nagusiak, Timo Laaninenek. Harago doa Benetako Finlandiarrak alderdia: Greziak EB Europako Batasunetik atera beharko luke.

2011ko bozetan emaitza ezin hobeak lortu zituen Timo Soinik gidatzen duen eskuin muturreko alderdiak —39 eserleku, 200dik—. Etorkinen aurkako gorrotoa sustatzen oinarritu du haren kanpaina. Hala eta guztiz ere, gobernuan sartzeko aukera handiak ditu. Izan ere, Sipilak eskua luzatu dio, eta Soini gobernuan hartzekoprest azaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.