Serbia eta Montenegroko Estatutik bereizi nahi du Montenegron agintean den koalizio gobernuak, oposizioaren desioen kontra. Montenegroarrek honako galdera argiari erantzungo diote maiatzeko erreferendumean: «Montenegroko errepublika, nazioarteko zuzenbidearen araberako zilegitasun osoarekin, estatu independentea izan dadin nahi duzu?». Beharrezko gehiengoen gaineko arauak Europako Batasunak jarri ditu, eta Montenegroko Legebiltzarrak Gobernuaren aldekoek zein oposizioak onetsi: hautesleen %50ek parte hartu beharko dute gutxienez, eta baiezkoak %55etik gorakoa beharko du, Montenegro independente bilakatzeko. Montenegroko lehen ministro Milo Djukanovicek iragan ostegunean esan zuen emaitzak emaitza bere gobernuak Balkanetako egonkortasuna bermatzen lagunduko duela. Azken inkesten arabera, herritarren %43 independentziaren aldekoak dira, %31 kontrakoak eta %24 zalantzan daude.Atzo arte 466.079 pertsona zeuden erregistratuta botoa emateko. Zerrenda apirilaren bukaera arte irekita egongo da, herritarrek izena eman dezaten.Agintari independentisten asmoa herrialdeak estatu independentearen estatusa berreskuratzea da. Estatus hori 1878an onartu zion nazioarteak, Berlingo Kongresuan.Galdeketaren prozedura bozkatu aurretik Montenegroko presidente Filip Vujanovicek hau esan zuen: «Erreferenduma modu demokratikoan egin beharko litzateke, gehiengoak gehiegizko poza adierazi gabe eta gutxiengoa mespretxatu gabe. Montenegrok eginiko aurrerapausoaz harro nago, baita nazioarteari bidalitako izugarrizko mezu demokratikoaz ere». Era berean, baikor azaldu zen galdeketaren emaitzari begira: «Konbentzituta nago Montenegroko herritarrek independentziaren aldeko %55eko portzentajea gaindituko dutela». Independentziazaleek gehiengoa lortu bai, baina EBk eta Legebiltzarrak finkatutako gutxienekoa (%55) gainditzen ez badute, «abokatu eta presidente gisa herritarren desioa onartuko» zuela nabarmendu zuen, halaber.
Serbiari urte askoan lotua
I. Mundu Gerraren ondoren Serbiarren, Kroaziaren eta Esloveniarren Erreinuaren barnean sartu zuten Montenegro. Handik gutxira Jugoslaviako Erreinua izena hartu zuen erresumak. II. Mundu Gerraren ondotik, aldiz, Josip Broz Tito-k gidatutako partisano komunistek boterea eskuratu zutenean sei errepublikaren federazio bilakatu zuten Jugoslavia, Jugoslaviako Errepublika Sozialista deituta.
1990eko hamarkadaren hasieran Jugoslaviaren zatiketa hasi zen. Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedoniak 1991 eta 1992 artean aldarrikatu zuten beren independentzia. Serbia eta Montenegro, ordea, Jugoslaviako Errepublika Federalean batuta geratu ziren. Haatik, 1997an Montenegroko lehen ministro Milo Djukanovicek Serbiako orduko presidente gero Jugoslaviakoa izango zen Slobodan Milosevicekin hautsi eta Serbiatik ekonomikoki eta politikoki urruntzen saiatu zen, horretara bideratutako politikaren bitartez. 2000ko urrian, Milosevicen gainbeherarekin, montenegroarrek beren proiektu independentista sendotzeari ekin zioten. 2003ko otsailean Jugoslaviako Errepublika Federala Serbia eta Montenegroko estatu bihurtu zuten, Montenegroko agintari independentisten eta Serbiako agintari federalisten hitzarmenarekin. Independentziazaleek orduan egin nahi izan zuten erreferenduma, baina Europako Batasunak presio eginda, hori atzeratzea hitzartu zuten aldeek. Akordioan aurreikusita dago hiru urteren buruan batasuna osatu zuten errepublikek galdeketak antolatu ahal izango dituztela independentziaren inguruan. Nolanahi ere, eta de facto-ko egitateek politikan eta herritarren pertzepzioan duten pisuaz jabetuta, Djukanovicek Montenegro Serbiatik ekonomikoki eta politikoki urruntzeko ekinbidea gauzatu du urteotan. Esaterako, Serbian diru ofiziala dinarra den bitartean, Montenegron euroa erabiltzen dute, euro eremuan sartuta ez badago ere. Europako Batasunari lotzea nahiko lukete, gainera. Montenegron azken erreferenduma 1992 egin zuten eta Jugoslavian segitu edo ez izan zen galdera. %66ko parte-hartzea izan zen, independentziazaleek eta gutxiengo musulman eta katolikoek boikotatu zituztelako. Alta, parte-hartzaileen %95,96k Serbiarekin batera Jugoslaviako Federazioan jarraitzearen alde bozkatu zuten. Independentziazaleek salatu zuten «baldintza antidemokratikoetan» egin zutela bozketa, eta estatuak kontrolatutako hedabideek federazioaren aldeko kanpaina erraldoia egin zutela.
Historia
X. mendea: Tribu eslaviarrak iliriar, avar eta erromatarrekin nahastu, eta Dukljako dukerri erdi independentea osatu zuten.
1077: Gregorio II.a Eliza Katolikoko aita santuak estatu independentetzat onartu zuen Duklja, eta Mihailo Vojislavljevic honen erregetzat.
1360: Egungo Montenegroren lurraldea gutxi gorabehera hartzen zuen Zeta printzerri independentea osatu zuten.
XV. mendea: Inperio Otomandarrak Zetaren hego eta ekialdea kontrolatu arren, ez zuen herrialdea osorik menperatu.
1516: Durad Crnojevic printze laikoak Vavil artzapezpikuari utzi zion agintea. Honek, Cetinje printze-apezpikuaren bidez, estatu teokratiko bihurtu zuen Montenegro.
1697-1852: Petrovic-Njegos elizari lotutako errege familiak gobernatu zuen herrialdea.
1852: Danilo II.ak printze-apezpiku izateari utzi, ezkondu eta printzerri laiko bihurtu zuen Montenegro.
1878: Europa ekialdeko krisia konpontzeko Berlinen eginiko kongresuan de jure onartu zuten Montenegroren independentzia.1918: Montenegroko serbiarrek Serbiari lotzea bozkatu zuten.
1919-1924: Nikola erregearen aldekoak matxinatu arren, Serbiak menperatu zituen.
1945-1992: Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren zati izan zen Montenegro.
1996: Montenegroko agintari Milo Dukanovicek Serbiarekiko loturak de facto eten zituen. Berezko politika ekonomikoa abiatu eta Alemaniako markoa diru gisa erabiltzen hasi zen.
2003: Jugoslaviako Federazioa Serbia eta Montenegroko estatu bilakatu zen, autonomian sakonduta.
2006ko martxoa: Independentzia erreferenduma antolatzea erabaki zuten.