Presidentetzako hauteskundeen bigarren itzulia egin dute asteburuan Uruguain, eta, oso alde txikiarekin bada ere, zentro eskuineko hautagaia nagusitu da oraingoz, botoen %48,7 lortuta —botoen %47,5 eskuratu ditu ezkerreko Daniel Martinezek. Hala ere, posta bidezko botoak geratzen dira zenbatzeko. Bihar zenbatuko dituzte; ondorioz, ostegunean edo ostiralean jakingo da irabazlea nor den.
Inkestek iragartzen dute aginte makila eskuz aldatuko dela, eta oposiziora igaroko dela Frente Amplio alderdia, hamabost urtez agintean egon dena. Hala ere, emaitzak hain estuak izanik, Hauteskunde Batzorde Zentralak ez du garailerik izendatu.
Bi hautagaien arteko aldea horren txikia izanik ere, garaipena eskuratzeko, Martinezen aldekoak behar lukete izan posta bidezko botoen %90 inguru. Baina hor ere inkestek iragartzen dute eskuinak garaituko duela.
Bien bitartean, alderdien egoitza nagusietan kezka eta itxaropena dira nagusi. Kezka Frente Ampliorenean, horren alde txikiak ezkerraren gainbehera erakusten duelako, eta itxaropena zentro-eskuineko alderdien arteko koalizioarenean, behin-behinean eurena delako garaipena.
Martinezek ez du porrotik onartu oraingoz, eta nabarmendu du aldea hain txikia izanik "elkar ulertu beharrean" izango direla bi alderdiak, edonork irabazita ere. "Herrialde bakar batean pentsatu behar dugu, Uruguai bakar batean, eta jendearentzat gobernatu".
Parte hartzea oso handia izan da: %90.