Kubako herritarrek ez dute baimenik beharko atzerrira bidaiatu ahal izateko. Hala erabaki du Kubako Gobernuak, eta 2013ko urtarrilaren 14tik aurrera aplikatuko da neurria. Pasaportea eta norako herrialdearen bisa besterik ez dute beharko, Granma egunkariak jakinarazi duenez.
Kubako Migrazio Legean ezarritako baldintzak betetzen dituzten herritarrek eskura dezakete pasaportea. Lege hori bera aldatu du gobernuak, baimenik behar ez izatearen neurria barne hartzeko. Gainera, Kubatik kanpo gehienez egoteko epea 24 hilabetera luzatzea erabaki du.
"Migrazio politikaren eguneratzeak aintzat hartzen du Estatu iraultzailearen eskubidea Amerikako Estatu Batuetako Gobernuaren eta bere aliatuen esku hartze asmoen aurrean defendatzeko", ageri da Granman. "Horregatik, Iraultzak sortutako giza kapitala mantentzeko neurriei eutsiko zaie, boteretsuek aplikatzen duten talentu lapurretaren aurrean".