Europako Batasuna. Immigrazioa

«Atzerritarren lan baldintzak hemengoenekin parekatzea da erronka»

Miguel Pajares doktoreak gogorarazi du immigrazioa funtsezkoa dela Europako gizarteen etorkizunean

Miguel Pajares, atzo eman zuen hitzaldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Lan merkatuan langile atzerritarrak hemengoak baino baldintza okerragoetan daude gaur egun, eta gutxi egiten ari dira hori zuzentzeko». Hitz horiekin laburbildu du immigrazioaren eta lan merkatuaren arteko harremana Miguel Pajaresek, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta Gizarte Antropologian doktoreak.

Dena den, krisi ekonomikoa hasi zenetik lanean dauden atzerritarren kopurua egonkortzear dagoela azaldu du, eta testuinguru horretan aldaketa gertatu behar duela gaineratu du. «Egonkortzearen aurka, langile atzerritarren baldintzak hemengoek dituztenekin parekatzea da erronka», nabarmendu du Jaurlaritzaren Immigrazio zuzendaritzak antolatutako jardunaldien barnean.

Orain arte parekotasun hori galarazi duten arrazoiak gogorarazi ditu Pajaresek. Alde batetik, immigrazio ekonomikoa nahiko berria dela gogorarazi du, 2001 eta 2008 bitartean gertatu zelako hazkunde handiena. Halaber, langile horiek laneratzea baldintza txarretan gertatzen zen, Atzerritarren Legeak hori sustatzen baitzuen. Sindikatuek ez zuten horri aurre egiteko moduko egitura sendorik, eta horrek guztiak diskriminazioa sortu duela uste du Pajaresek.

Sindikatuak izan dira, neurri handi batean, Europako beste herrialde batzuetan langile atzerritarren eskubideen alde lan egin dutenak. Erresuma Batuko sindikatuen barnean dauden etorkinen oinordekoek osotutako adarrek lan egin dute ildo horretan. Ordea, Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Galiziako sindikatuetan lan ildo hori horren sustraituta ez dagoenez gizarte osoaren ardura izan behar duela gogorarazi du Pajaresek. «Garai honetan guztion ardura izan behar du».

Ezberdintasuna kudeatu

Horrez gain, langile atzerritarren parekotasuna lortzeko bidean bereziki zaindu beharreko alor bat dagoela zehaztu du Pajaresek: ezberdintasunaren kudeaketa. Pozik lan egiten duen langile bat emankorragoa dela diote ikerketek, eta kultura askoko enpresetan are gehiago nabaritzen dela azaldu du: «Kultura ezberdineko langileen kudeaketa ona egiten bada, sormenak eta berrikuntzak gora egiten du». Ezberdintasunaren kudeaketa lantzen duten ildo horiek multinazionaletan ohikoak direla gogorarazi du.

Krisi ekonomikotik ateratzeko langabezian dauden langileen prestakuntza «giltza» dela aipatu du Pajaresek. Balio erantsi gehiagoko lanpostuak, prestakuntza eskatzen dutenak. Langile atzerritarrek, oro har, balio erantsi gutxi zuten lanetan jardun dute azken urteetan: zerbitzuak, eraikuntza, ostalaritza...

Langabezian dauden pertsona horiek laneratzea errazteko espezializazioa ildo bat izan daitekeela gogorarazi du Pajaresek. Eraikuntzaren sektoreko langileek, adituen arabera berriz laneratzeko zailtasun gehiago izango dutenek, zaharberritze lanetan espezializa daitezkeela aipatu zuen, adibidez. Horrez gain, gaineratu du ezinbestekoa dela prestakuntza ildo berriak zehazteko lan eskari berrien azterketa egitea.

Prestakuntza jasotzeaz gain, jatorrizko herrialdean zituzten ikasketak homologatzeko zailtasunak dituzte atzerritar askok. Egun indarrean dagoen homologazio sistema beste garai batekoa dela nabarmendu du Pajaresek, etorkinik ez zegoen garaikoa. «Tituluen homologazio sistema desegokia da Europa osoan, azken urteetan aldaketak gertatu diren arren».

Immigrazioa, etorkizuna

Azken urteetan atzerritar kopurua egonkortzen ari dela nabarmendu du Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak. Are gehiago, erroldaren datuak gaurkotuko balira 2010eko urtarrilaren 1ean baino atzerritar gutxiago daudela azaldu zuen. Dena den, etorkizunean hazkunde handiagoa gertatuko dela aurreratu zuen, Europako gizarteen demografiak berak horrela agintzen duelako. «Europako gizartearen etorkizuna immigrazioa da».

Espainiaren kasuan hamar urte barru etorkinen behar handia izango dela aurreratu du, 1950eko hamarkadan hasi zen baby boom deitutako garaian jaiotako pertsonek lana utzi behar dutenean, hain zuzen ere. Europako beste herrialde batzuetan behar hori are lehenago helduko dela iragarri du Pajaresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.