Bera atxilotu edo hiltzen badute "irakeko herriak modu zorrotz eta basatian" erantzungo duela esan dio al-Sadrek As-Safir egunkari xiitari. "Inork imaginatu ezininekoa" izango omen da, gainera, erantzuna. Najafen, pasa behar ez duten "marra gorri" bat dagoela dio.
AEBek Al-Sadr hil edo atxilotzeko asmoa azaldu zuten, eta buruzagi xiitaren ustetan, adierazpen horiek garbi erakusten dute estatubatuarren indarra akitzen ari dela.
Kufako meskitan goizean emandako sermoi batean, berriz, atzerritarrak bahitzea islamaren kontrakoa dela argudiatu du, eta ez egiteko eskatu. Gainera, AEBetako soldaduak epaitu egin beharko liratekela iritzi dio, irakiar asko hil dituztelako.
Al-Mahdi brigadak desegiteko inolako baldintzarik ez duela onartuko ere esan du, Irakeko herriarekin elkarlanean sortu zituelako. Najafeko soldadu hesia kentzea nahi bazuen brigada horiek desegin beharko zituela esan zioten AEBek.
Faluja bonbardatu dute
Helikoptero estatubatuarrek Faluja hiria bonbardatu zuten atzo gauean, eta 15 irakiar hil zituzten, gutxienez. Hiri hori su-etenean dago. Gatazkan bitartekari lanak egiteko saiakeretan dabilen Suniten Klerikoen Elkarteak AEBei egotzi die tregoa ahultzea.
Irak
Atzerritarrik ez bahitzeko eskatu du al-Sadrrek, eta bera hiltzen badute, irakiarren erantzuna ankerra izango dela
Islamaren kontra doala-eta, atzerritarrik ez bahitzeko eskatu du Muktada al-Sadr buruzagi xiitak. Hori bakarrik ez, bera atxilotu edo hiltzen badute, jarraitzaileen eskutik erantzun "pentsaezina" jasoko dutela jakinarazi die estatubatuarrei, eta ez dituela Al-Mahdi brigadak desegingo. Bestalde, soldadu estatubatuarrek Faluja hiria bonbardatu zuten atzo gauean, eta 15 irakiar hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu