Ekialde Hurbila

Atzo iluntzeko hilketak direla eta, mendekua hartuko duela iragarri du Hamasek

Ahmed Aishtaui Hamaseko buruzagia eta beste hiru palestinar hil zituen atzo Israelgo Armadak, Gazan. Auto batean zihoazean lau lagun horiek, eta Apache helikopteroekin, misilak jaurtiz, egin zieten eraso soldadu israeldarrek. Aishtauiren eta beste hiru lagunen heriotza "mendekatuko" duela iragarri du gaur goizean Hamasek.

2003ko abuztuaren 25a
16:36
Entzun
Hamaseko iturriek azaldu dutenez, erakunde horretako buruzagietako bat zen atzo gauean Gazan hildako Ahmed Aishtaui. 24 urte zeuzkan, eta adar armatuko zelula bateko burua zen Hamasek onart duenez.

Aishtauirekin batera autoan zihoazen beste hiru lagunak hiltzeaz gain, han inguruan zebiltzan beste zortzi lagun zauritu zituen Israelgo Armadaren erasoak; haietako bat haur bat da.

Ahmed Jassin Hamasen sortzaile eta buruzagi erlijiosoak hilketa horiek direla eta, "mendekua" hartuko dutela iragarri du gaur goizean: "Israelek gogotik ordainduko du Aishtauiren hilketa", azpimarratu du.

Bestalde, palestinarrek aurreneko aldiz itsasotik eraso egin dietela jakinarazi dute gaur Israelgo Armadako iturriek. Hain zuzen ere, Gazako kostaldean, Mediterraneo itsasotik, ontzi batetik, miliziano palestinarrek Israelgo Armadaren gune bat tirokatu dutela jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.