Olinpiar Jokoen atarian

Atzoko atentatua dela-eta segurtasun neurriak areagoatu ditu Txinak

Kontrol zorrotzak jarri ditu hamasei polizia hil zituzten Xinjiang probintzian. Pekingo kaleetan 110.000 polizia eta ia milioi eta erdi boluntario dabiltza segurtasunaz arduratzen. Ekialdeko Turkestanerako Mugimendu Islamikoak ukatu egin du atentatuarekin zerikusirik duela, eta Txina uigurrak oraindik eta gehiago jazartzeko aitzakiak asmatzen ari dela salatu du.

2008ko abuztuaren 5a
10:37
Entzun
Kashgarko (Xinjiang, Txina ipar-mendebaldea) polizia etxearen atarian ariketak egiten ari ziren polizia talde baten kontra egin zuten atzo bi lagunek kamioi batekin, eta, halaber, etxean egindako lehergailuak jaurti zizkieten. Ondorioz, hamasei polizia hil ziren eta beste hamasei zauritu ziren. Ustezko bi erasotzaileak lasterrera atxilotu zituen Txinako Poliziak.

Txinak Xinjiangen nagusi diren uigurrei -musulmanak dira gehienak-, eta, zehazki, Ekialdeko Turkestanerako Mugimendu Islamikoari egotzi zien segituan atentatua. Talde horretako erbesteko bozeramaileek ukatu egin dute atentatua eurek egin zutela, eta, halaber, ukatu egin dute "konspirazio terroristaren" ondorio dela. Aitzitik, Txinak uigur herriaren kontra dabilen zigor politikaren eta jazarpenaren ondorio dela salatu du; etsipenak eragindakoa. Atzoko atentatua uigurren kontrako jazarpena areagotzeko aitzakia gisa erabilko duela Txinak erantsi dute.

Pekingo Olinpiar Jokoak hasteko lau egun falta zirela gertatu zen atzoko atentatua. Txinako Gobernuak azkenaldian behin baino gehiagotan adierazi du Jokoen segurtasunerako mehatxu nagusia "terrorismo islamikoa" dela, hain justu, uigurrei leporatzen diena. Atzoko erasoaren ondoren, Xinjiangen segurtasun neurriak areagotu dituela iragarri du; besteak beste, kontrol zorrotzak egiten dizkiete Kashgarko kaleetan edo Urumki hiriburuan dabiltzanei.

Nolanahi ere, Olinpiar Jokoak, kirolariak zein ikusleak, arriskutik kanpo daudela ziurtatu dute Txinako agintariek. Oroitarazi dute Pekingo kaleeltan 110.000 polizia eta segurtasunaz arduratzen diren ia milioi eta erdi boluntario dabiltzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.