Atzoko eta gaurko mamuak Tripolin

Desagertutako jendearen afixekin josita dago Tripoli erdigunea: gerra frontean galdu ziren batzuk, espetxean besteakEraikitzen hasi baina bukatu gabe utzitako apartamentu bloke ugari daude hiriburuan

Desagertu batzuen erretratuak Tripoliko Martirien plazan. KARLOS ZURUTUZA.
Karlos Zurutuza. Berriemaile berezia
Tripoli
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Batera ikasi, elkarrekin bizi!». Hala diote Tripoliko erdigunean erantsitako hamaika afixek. Bi neskatok elkar besarkatzen dute irudietan. Senidetasuna izan da, besteak beste, Libia berrian gehien indartutako mezua.

«Pertsona hau ikusi al duzu?», diote makina bat kartelek Tripoliko erdiguneko paretetan. Izen-abizenak ageri dira argazkiaren azpian, harremanetarako telefonoaren alboan. Libiako desagertuak dira: gerra frontean galdu ziren batzuk, Muammar Gaddafiren espetxeetan besteak; Europara bidean, agian… Inork ez daki zenbat libiar desagertu diren azken hilabeteotan. Martirien plazako arkupe eta paretetan, baina, ehunka erretratu daude, mutu, begirada bandera eta algararen erdian galduta.

Ezin ukatu Saif al Islam dela gaur Libian desagerturik ospetsuena. «Bizirik ala hilda» zioen haren argazkia zuen kartel batek, bizirik hitza norbaitek ezabatu baino lehen. Azken bi egunotan, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak esan du Hagako Auzitegian aurkezteko asmoa zuela Saifek. Baina, azken albisteen arabera, Libiako agintean Gaddafiren ondorengoa izan behar zuena Nigerren egon liteke jada. Hala bada, bere ama eta Aisha arrebarekin elkartuko da. Gaddafitarrek ere senide ugari galdu dituzte berriki.

Barkatu bai, ahaztu ez

«50.000 libiar hil dira gerra honetan. Barka dezakegu, baina inola ere ez ahaztu zein izan den askatasunaren prezioa», diosku Rahul Tarhuni gerlariak. Misratatik iritsi berri da. Azken asteotan hura bezalako makina batek hartu dituzte Tripoliko kaleak. Baina, antza, tripoliarrak nekatzen hasiak dira.

«Atzo bertan, hauetako batek Ala-u-akbar [Jainkoa handia da] batez agurtu, eta modu berean erantzuteko agindu zidan, atxilotuko ninduela bestela», dio 28 urteko gazte batek, Sale Rahmanek. «Gaddafista barik, ez-sinestuna naiz».

Kexu da Rahman: «Libia moderno eta sekular baten alde borrokatu naiz ni; ez dut Erdi Aroko kalifato batean bizi nahi». Haren ustez, Libiako agintari berrien erlijiorako joera eta herritarren sentimendua ez datoz bat.

Iraultzaren kanpoaldean

Oraingoz, muezzinaren otoitzerako deiak, kanta iraultzaileak eta autoen klaxonak nahasten dira Tripoliko kaleetan. Bai, bueltan da Tripolin ohiko zirkulazio geldoa bezain nekagarria. Zorionez, gasolinaren prezioa ere normaldu da: 0,15 libiar dinar litroko (zazpi zentimo).

Martirien plaza atzean utzi eta hegoalderantz jo dugu. Aireportuko errepidean sartu bezain laster, berehala erreparatu diogu Bab al Azizijako hondamendiari. Gaddafiren bunkerra zena, izuaren sinboloa urte luzez, jolasgune bilakatu da tripoliarrentzat. Egun, pozarren zeharkatzen dituzte familiek hango lur azpiko tunelak.

Errepidearen ezkerraldean, ordea, Abu Salimgo presondegi hutsa dago. Iragan astean sarrera debekatu zutenetik, isiltasuna izan da nagusi han. Paretetan itsatsita dauden argazkietako begirada galdu asko murru haien atzealdean itzali ziren betiko.

Errepide luze eta zuzen batetik jarraitu dugu, hegoalderantz beti. Luze gabe, dozenaka apartamentu bloke hutsen artean igaro gara. Auzo huts eta izugarriak dira. Atzerriko eraikin enpresek altxatu zituzten porlanezko munstro horiek, baina hezurdurak estali aurretik piztu zen gerra. Ez zen denborarik izan inoiz milaka familiarentzako etxeak izango zirenak bukatzeko.

Apartamentuok hutsik daude; ez, ordea, haiek altxatzen aritu ziren langileen barrakoiak. Egun 80 bat familia bizi dira turkiar langileen egoitza izan ziren barrakoietan. Beni Ualidekoak dira denak; Surtekin batera, Muammar Gaddafik kontrolpean izan zuen azken herria da.

«Iraileko bi asteko su-etena baliatu genuen Beni Ualidetik alde egiteko», gogoratu du Abdul Hadik. Iragan astean, bere herrian bueltan, hankaz gora aurkitu zuen etxea. Galdutako baliozko gauzen artean bere lur jabetzaren dokumentuak zeuden.

«Nire familiak bostehun urte baino gehiago eman ditu Beni Ualiden. Lur eremu handia genuen han, baina orain ezin dut demostratu gurea zela», damu du Uarfala tribuko errefuxiatuak.

Beni Ualidetik ihesi

Khalifa Mohamed Khalifa duela bi hilabete atera zen Beni Ualidetik bere familiarekin. Uralitazko etxe batean bizi dira zortziak. «Tripoliko nire senideek euren etxean hartu gintuzten hasieran, baina gero hona etorri ginen», gogoratu du 50 urteko gizonak. Khalifa joan zen ostiralean bueltatu zen Beni Ualidera. Jada behea jo zuela uste zuen, baina oker zegoen.

«Nire etxeko atea behartuta zegoen, norbait lapurretan ibili zen seinale. Gauza pare bat hartu eta kalera jo nuen berriz. Bertan, bi gerlarik autoko giltzak emateko agindu zidaten. Kanpoalderantz hamar kilometroz gidatu ostean, ateratzeko esan zidaten, eta ordubetez eskuak goian mantentzeko. Dokumentazioa eta nire azken diruak autoan neuzkan. Dagoeneko dena galdu dut», kexu da gizona, lurrean botatako arropa multzo baten alboan.

Armadako artilezko jertseak eta alkandora dira, 219 dibisiokoak, intsignien arabera. Hautsez eta zikinkeriaz beteta daude, eta, oraingoz, inork ez du ezer hartu. Baina baliteke uralitazko barrakoiak ez izatea nahikoa babes neguari aurre egiteko.

Abdala Margunik ere bere istorioa azaldu nahi du: «Erreboltariak pistola eskuan sartu ziren etxean, eta berehala ateratzeko esan ziguten. Apenas izan genuen aukerarik ezer hartzeko», hasi da kontatzen, soinean txilaba marroi bat daramala, eta oinetan sandaliak. Tamalez, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko guardia batek berehala moztu du hizketaldia, eta betiko.

«Gaur hitz egiteko askatasuna daukagu, baina egia kontatu behar da beti, eta ez besterik», dio Adnan izeneko erreboltariak. Ez digu abizenik eman, eta kreditazioa elastiko zuriaren azpian gorde du. Solasaldia bakarrizketa bilakatu da. Sobran gaude, beraz, errefuxiatuak eta kazetariok.

«Badakit Gaddafi hil dela, baina tirano hura jende askoren portaeran ikusten dut oraindik», diosku taxi gidariak, Tripoliko erdigune algaratsura bidean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.