Mundua

Atzoko istripuaren ondorioz, greban dira Belgikako tren gidariak

Inork antolatu ez duen arren, lanuztea egiten ari dira lan baldintzak eskastu dizkietela eta segurtasuna murritzagoa dela salatzeko.

2010eko otsailaren 16a
17:07
Entzun
Inork hartarako deialdirik egin ez duen arren, lanuztea egiten ari dira gaur Belgikako tren gidari asko eta asko. Esate baterako, Valonia hegoaldean tren zerbitzuen %85a emateko arazoak dituela jakinarazi du SNCB Belgikako tren konpainiak.

Atzo Hallen (Flandria) gertatu zen tren istripu larriarengatik ari dira egiten greba: gero eta lan baldintza eskasagoak dituztela salatu dute, eta, ondorioz, istripuak gertatzeko aukera gero eta handiagoa dela. Beraz, lan baldintzen okertzearekin lotu dute atzoko ezbeharra.

Luc Lallemand SNCBko arduradunak onartu du bi trenetako batek galga sistema automatikorik ez izateak zerikusi handia izan zuela ezbeharrean.

Belgikako bertako trenei ez ezik, nazioartekoei ere eragiten die oraindik atzoko ezbeharrak. Frantzia, Belgika eta Holanda lotzen dituzten trenak ez dabiltza, eta SNCF Frantziako tren konpainiak oraindik ez daki noiz hasi ahalko duen zerbitzua ematen. Brusela eta Londres lotzen dituen Eurostar trena ere zerbitzurik gabe dago, eta bihar ere hala egongo da.

Atzo goizean gertatu zen Belgikan inoiz jazo den tren istripu larriena: bidaiariak zeramatzaten bi trenek aurrez aurre jo zuten, eta gutxienez 18 dira hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.