Aukera gabekoen hautua

Inoiz izan den abstentziorik handiena iragarri dute gaurko bozetan: %30ekoa izango dela diote inkestek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Bi mundu daude Parisen, berdin Marseillan eta Lyonen: bat eraikin dotorez josia; bestea, kaiola erraldoiez. Bi herri baten barruan. Zentroan bata; handik hurbil baina aparte bestea, bazter auzoetan: baztertuen bizitokiak dira, langabeenak, muturreko pobrezian bizi direnenak; gazteen, etorkinen eta haien seme-alabenak. Horietako asko ez dira gaur botoa ematera joango, eskaintzen dieten etorkizunean sinesten ez dutelako. Horiek elikatuko dute batez ere historikoa iragartzen duten Frantziako presidentetzarako hauteskundeen abstentzioa.

2007an Segolene Royal hautagai sozialistak ehunka milaka gazte bere alde jartzea lortu zuen: gogora ekarri zuen abstentzioari esker 2002an Jean-Marie Le Pen eskuindarrak bigarren itzulira igarotzeko lekua kendu ziola Lionel Jospini. Clichy-sous-Bois bazter auzoan 2005ean hasitako liskarrek oraindik gogoan zituzten 2007an —200dik gora auto erre zituzten urte hartan, eta 50 atxilotu inguru izan ziren—. Oraingoan, baina, Clichy eta halako auzoetara berandu eta ganora gabe iritsi dira hautagaiak, irabaztea abstentzioak galaraz diezaiekeela konturatu direnean. 2002an abstentzioa %28koa izan zen, eta gaur %30 ingurukoa izango dela diote inkestek.

Baina Parisko bazter auzoetan —berdin Marseillan eta Lyonen— ez da ezer aldatu 2005eko matxinadaz geroztik. Are gehiago, okerrera egin du. Urte hartan Clichy-sous-Boisen hasi zituzten istiluak, Poliziarengandik ihesi zihoazen bi gazte transformagailu elektriko batean ezkutatu eta elektrokutatuta hil zirenean. Borrokek hiru aste iraun zuten, eta ehunka auzotara zabaldu ziren. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen azkenean.

Auzo horretan, 35.000 herritarren erdiak baino gehiagok 35 urte baino gutxiago dituzte, eta lanik gabe daude %40. Baina kale bazter zikinetan, igogailurik gabeko etxe orratzen aurrean, eta irainen pintadez jositako hormen ondoan ez dute geldialdirik egin presidentegaiek. Segurtasun indar izugarriek inguratuta, eta keinu deserosoa ezin kendurik eman diete leihatilatik eskua herritarrei.

Haiek hautagaiengandik urrun sentitzen dira; ez dagoelako nahikoa nabarmentzen den presidentegairik. Askorentzat, Sarkozyk etorkizun iluna marrazten duen proiektu mugatua eskaintzen du, eta Hollandek ideien munduan betikotzeko arriskua duten konpromisoak.

Baina Sarkozy eta Hollande tematu dira haiengatik borrokatzeko prest daudela esaten. Sarkozyk Hollanderi leporatu dio ezkerrak ez duela sekula zentimo bat ere inbertitu auzo horietan, eta UMPk Hiriak Berritzeko Plan Nazionalaren bidez 46.000 milioi erabili dituela «gure auzoetako» bizitza hobetzen.

Baina «gezurretan» ari da Razzy Hammadi Hollanderen aholkulariaren ustez. Gogorarazi du plana 2003an onartu zutela, Sarkozyk ardurarik ez zuenean, eta, gainera, «2009tik estatuak ez du euro bakar bat ezarri».

«Presentzia publikoaren defizita» dago auzo pobreenetan, Hollandek esan duenez, Sarkozy haiekin ahaztu delako. Plan hori bideratu behar duten ezkerreko alkateek, ordea, beste datu batzuk eman dituzte. Planaren bideratzaileek 40.000 milioiko inbertsioak agindu zituzten, horietatik 12.000 milioi euro diru laguntzatan, eta estatuak ez ditu 900 milioi baino ezarri agindutako 6.000 milioetatik.

Abstentzioaren arrazoiak

Celine Braconnier zientzia politikoetako ikerlaria da eta La Democratie de l'abstention liburuaren egilea Jean-Yves Dormagenekin batera. Haren ustez, abstentzioa askoz handiagoa egiten da hirietako langileen, langabeen eta immigranteen artean. «Auzo horietan jendeak ez du ia ezer espero politikaz. Ez dio ekarpenik egiten. Abstentzioa ez da protesta ekintza bat. Arazoa sakonagoa da: politikaren jokoa erabat arrotza zaie».

Larrituta dago Braconnier gizartean gertatzen ari denarekin: «Hauteskundeetako egiturak gero eta gutxiago ordezkatzen du herritarren egitura», alegia, hauteskundeen prozesua legezkotasuna galtzen ari dela.

Ez Sarkozyk eta ez Hollandek, Eliseoan datozen bost urtean agintzeko aukera gehien dutenek, ez dute behar gehien dutenen gogoa berotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.