Aung San Suu Kyi oposizioko buruak Myanmarko bozetan aurkeztuko dela iragarri du

Epaitutako pertsonek hautagai izateko zuten debekua indargabetu egin du Myanmarko presidenteak

2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Aung San Suu Kyiren iragarpenaren ostean aldaketaren zantzuak ageri dira Myamaren. Azken hogei urtean lehen aldiz parlamentua osatzeko bozetan hautagai bezala aurkeztuko da Bakearen Nobel saridun eta Myanmarko demokraziaren ikurra, eta 2010ean lortu ez zuena eskuratzen ahaleginduko da bera buru duen LND Demokraziarako Liga Nazionala: Myanmarko Parlamentuko 48 aulki hutsak betetzea, orduan egiterik izan ez zuen oposizio gogorra aurrera eramateko. Demokraziaranzko bidea irekitzea da bere helburua, eta lehen urratsa eman du.

Azken 22 urteetatik hamahiru etxean preso igaro ditu, eta orain urtebete aske utzi zuten, bozak egin eta sei egunera. Hogei urteren ondoren egiten zirenlehen hauteskundeak izan ziren 2010eko azarokoak, aurreko bi hamarkadatan Junta Militarrak zuzendu baitzuen herrialdea. 1990eko bozetan, hain zuzen, Suu Kyi hautagi moduan aurkeztu zen, eta ordezkaritza zabala lortu zuen haren alderdiak; Juntak, ordea, emaitzak indargabetu, eta alderdikideak epaitu ostean, etxeko kartzelaldia ezarri zien — Suu Kyi orduan atxilotu zuten lehen aldiz —.

2010eko hauteskundeetan, beraz, boikota egiteko deialdia zabaldu zuen, alderdi politikoen legeak debekatu egiten zuelako epaitutako pertsonak politikagintzan aritzea. Alderdiaren zati batek, ordea, ez zion boikotari erantzun, eta bozetan parte hartu zuen, hainbat eserleku eskuratuz. Aldiz, lortutako ahulki horietatik 48 hutsik daude, Suu Kyiren aldeko kideek ez dutelako ordezkaritzarik bete. Beraz, oposizio ahulduaren egoeraz baliatuz, eta nazioarteko begiraleei hauteskundeak ikuskatzea debekatuta, Junta Militarrak lortu zuen garaipena lehengo urteko azaroan, eta Thein Shwe jeneral ohia ezarri zuten Myanmarko presidente.

Ordutik, hala ere, demokraziaren izpi txikiak agertzen joan dira Myanmaren Iragan azaroaren 5an, esaterako, Shweren gobernuak dekretu bat onartu zuen, eta horren bidez alderdi politikoen legeari hainbat zuzenketa egin dizkiote. Horietan nagusia, epaitutako pertsonak politikagintza ez aritzeko mugapena bertan behera uztea. Beraz, LNDk aurkezteko aukera izango du presidenteak deituko dituen datozen hauteskundeetan. Baina hori ez da azken hilabeteetako aldaketa bakarra izan: zentsura leundu, sindikatuak legeztatu, eta kartzeletan dauden 2.000 preso politikoetatik 200 inguru aske utzi dituzte, amnistia emanda. Gainera, Suu Kyiren erretratuak libreki salerosi daitezke orain, hori egiteagatik zigorrik jaso gabe.

AEBak, «pozik»

Nazioarteak ere nabaritu du aldaketaranzko keinua.Myanmaren nondik norakoetan zeresan handia izan dute AEBek; azken urteetan zigor ekonomikoak ezarri eta bakartu egin dute bertako gobernua, eta Junta Militarreko kideei bidaiatzeko debekuak ezarri dizkiete. Suu Kyiren iragarpenaren ondoren, baina, Barack Obama AEBetako presidentea zuzenean jarri da harekin harremanetan, eta herrialdeko «trantsizio positiboa» aurrera eramateko babesa erakutsi dio. «Prozesua Burmako gobernuaren esku dago, eta ekintza konkretuak egiten jarraitu beharko du gure laguntza jaso nahi badu. Halakorik ezean, eta erreformak uzten baditu, zigorrak eta isolamendua mantenduko ditugu».

Hilary Clinton AEBetako Estatu idazkaria datorren hilabetean joango da Myanmarera. 50 urtean lehen aldiz bidaliko du ordezkaritza Washingtonek. AEBetako iturrien arabera, Suu Kyi bera izan da eskaera egin duena, Washingtonekgertutik aztertu dezan prozesua indartzeko aukerak. 1997tik Europako Batasunak eta AEBek indarrean dituzten zigor ekonomikoak kentzeko aukera «inoiz baino hurbilago» egon daiteke orain, eta horri esker, Myanmar, uneotan Asiako herrialde behartsuenetakoa dena, ekonomikoki garatzen hasi ahal izango da.

Suu Kyik, dena den,tentuz eman die ongietorria gobernuaren aldaketei. LND oposizio taldea osatzen duten kideetatik ehun inguruk bilera egin zuten atzo, eta alderdia legeztatzeko eskatuko dutela erabaki dute. Haren ostean eman du Suu Kyik bere hautagaitzaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.