IRAKEKO OKUPAZIOA

Aurki 500 preso irakiar aske utziko dituztela iragarri dute AEBek

Washingtonek dio 9.300 lagun dituztela atxilotuta, baina giza eskubideen aldeko taldeen arabera, 20.000 dituzte

Erredakzioa
2004ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Paul Bremer Ameriketako Estatu Batuek Iraken izendatutako administrari nagusiak iragarri zuen atzo AEBetako Armadak zuzendutako koalizio militarrak gaur egun preso dauzkan 506 irakiar askatuko dituela aurki. Hauetatik lehen 100ak gaur bertan libre geratuko direla zehaztu zuten Bremerrekin batera kazetarien aurrean agertu ziren agintari militarrek.

«Saddam Hussein tiranoa preso dago; orain, berradiskidetzarako garaia da» aditzerat eman zuen Bremerrek, bere alboan zeukala okupazio indarren menpean eratutako Irakeko Gobernu Kontseiluko txandakako presidente Adnan Pasahshi ere. «Barkamenerako ere garaia da» jarraitu zuen Bremerrek, «koalizioak aukera berri bat eman nahi die okerrean jardun duten eta horretaz ohartuta dauden irakiar hauei» gaineratu zuelarik. Adnan Pashashik koalizioaren ekimenazpoza azaldu zuen: «Gobernu Kontseiluak aspalditik lan egiten du Irakeko seme-alaben artean berradiskidetzea hazteko eta, helburu horretan, koalizioari eskatu genion preso irakiar batzuen egoera azter zezan». Koalizioak 9.300 irakiar preso dauzkala esan du eta hauei erantsi behar zaizkie, agintari militar baten hitzetan «estatutu berezi batean pean» dauden 3.800 Herriko Mujahidinak. Irango oposizio armatukoerakunde honetako kideek Saddam Hussein buruzagi zen garaietako Iraken babesa zuten. Okupazio indarrak Iraken sartu ostean, Herriko Mujahidinak desarmatu eta eremu batean bildu dituzte. Irakeko Gobernu Kontseiluak iragarri du erakunde honetako kideak herrialdetik haizatzeko asmoa zeukala.

Indarkeriari uko egin

Koalizioak askatuko dituen irakiarrek konpromisoa hartu beharko dute indarkeriari uko egiteko eta beraien berme izango den tokiko arduradun baten, hala nola tribu buruzagi baten edo erlijio agintari baten babesa lortuta izan beharko dute. Bremerrek eta okupazio indarretako agintari militarrek zehaztu zuten, halaber, askatuak izango direnek ez dutela «eskuetan odolik izan beharko».

Irakiar hauek gogor egileekin harremanetan izateaz susmatutakoak ziren, beraiek erresistentziaren ekintzetan ez zirelarik zuzenean partaide izan. Giza eskubideen defentsarako hainbat erakunderen estimazioen arabera, 20.000 irakiar daude gaur egun okupazio indarren eskuetan preso atxikiak.Askatze hauek iragartzearekin batera, koalizioko agintariek jakiterat eman zuten erresistentziaren aurkako eta bereziki honen ustezko buruzagien kontrako operazioak areagotuko dituztela. Hala, Paul Bremerrek iragarri zuen progama berri baten arabera, 200.000 dolarrekoak ere izan daitezkeen diru saritzeak banatuko direla erresistentziaren ekintzak ustez bultzatzen eta antolatzen dituzten berrogei bat lagunen atxiloketa edo hilketa lagunduko dituzten informazioentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.