hegazkin istripua

Aurkitu dituzte Papuako hegazkin istripuko 54 gorpuak

Berrogeita bederatzi bidaiari eta tripulazioko bost kide zihoazen igandean desagertutako hegaldian. Kutxa beltza ere errekuperatu dute; ezbeharra eremu menditsuaren eta eguraldi txarraren ondorioz gertatu dela uste dute.

Erreskate lanetan dabilen soldadu bat kutxa beltza eskuetan duela. EFE
Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 18a
13:04
Entzun

Papuako hiriburutik (Indonesia) aireratu zen TGN267 hegazkina igandean eskualde bereko hegoaldera bidaiatzeko, eta ordu erdira hegaldiaren kontaktua galdu zuten kontrolatzaileek, iritsieraren ordua baino minutu gutxi lehenago. Berrogeita hamalau lagun zihoazen guztira hegazkinean; tartean bost ume eta tripulazioko bost kide. Hondamenditik ez da inor bizirik irten, eta gorpu guztiak erreskatatu dituzte jada.

"Istripuaren gunetik berrogeita hamalau gorpu ebakuatu ditugu. Bidaiari eta tripulazioko kide guztiak aurkitu ditugu", adierazi  du Bambang Soelistyo Basarnas erreskateen agentzia nazionaleko buruak. Gorpuak Jayapura hiriburura eramango dituzte datozen orduetan.

Eguraldiak hegaldia zaildu izana edota orografiaren konplexutasuna izan daitezke ustezko istripuaren eragileak, hipotesi nagusien arabera. Bilaketa lanak ere bertan behera utzi behar izan zituzten atzo bi arrazoi hauen ondorioz. Kutxa beltza errekuperatu dute jada, eta ikerketa amaitu arte ez dute istripuaren kausa zein izan zen baieztatuko. "Posible da hegazkinak tontor baten aurka jo eta amildegi batetik behera erori izana, hondakinak lokalizatu diren lekua sakona baita", azaldu du Herenimus Guru Basarnaseko zuzendariak.

Igandean desagertu zen hegaldiaren inguruko lehen albistea Bintang Mendietako zuzendari Yunus Wallyk eman zuen: "Ia seguru, istripua izan duen hegazkinarenak diren hondakinak lokalizatu ditu airetik bilaketa eta erreskate lanetan ari den hegazkin batek". Indonesiako Garraio Ministerioak eman zuen istripuaren berri, Oksibileko aireportutik (Papua, Indonesia) 50 kilometro ingurura gune menditsu batean hondakinak eta kea ikusi zituztela jakin ondoren.

Oksibil izeneko herriaren eremuan sumatu zuten inpaktua bertako bizilagunek, eta hegazkina mendian suntsitu zen unea ikusi zuenik ere izan zen. Basoz eta mendiz beteriko leku horretan erreskatatu dituzte berrogeita hamalau gorpuak; bilaketa eta erreskate lanak zailak izan direla jakinarazi dute. ATR 42-300 modeloko hegazkinak 27 urte eta helize bikoitza zituen, Aviation Safety Network webgunearen datu basearen arabera.

Zerrenda beltzean

Trigana Air konpainiak hamalau istripu larri izan ditu, 1991ean sortu zenez geroztik. 2007. urtetik Europar Batasunaren zerrenda beltzean dago, debekatuta, alegia, segurtasunarekiko mesfidantzagatik.

Pasa den urteak bi hegazkin hondamendi utzi ditu Indonesian, azken honekin hiru; 192 pertsona hil ziren joan den abenduan AirAsiaren hegaldi baten istripuan Surabayatik Singapurrera bidean, eta 140 lagunek galdu zuten bizia hegazkin militar batek izandako ezbeharrean, Medanen, Sumatrako uhartean. Bi hauei igandeko gertakaria gehitu zaie.

400.000 euro zeramatzaten

Indonesiako hegazkinean 6.500 errupia -400.000 euro- baino gehiago zeramatzaten bidaiariek esku-dirutan, herrialdeko garapenari bideratutako proiektu bati zuzenduta, bertako posta-zerbitzuko bozeramale Abu Sofjanen arabera. Herritar txiroenentzat zen lau bidaiariek soinean zeramaten dirua. Herrialdeko "azpiegitura makala" dela eta, aireko garraioa izan ohi da dirua garraiatzeko modurik ohikoena, Sofjanen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.