ESLOVENIA

Aurreikuspenak hautsi eta zentro-eskuinak irabazi ditu Legebiltzarrerako bozak

Janez Jansaren Alderdi Sozial Demokratikoak Parlamentuko 90 diputatuetatik 29 eskuratu ditu

Erredakzioa
2004ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Igande honetan Eslovenian izan diren Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzen arabera, herritarrek gobernu aldaketaren aldeko apostua egin dute. Lehenengo Janez Drnovsekin eta 2002. urtetik hona Anton Ropekin zentro-ezkerreko Alderdi Liberal Demokratikoa (LDS) Gobernuan izan da hamabi urtez. Inkestek, gainera, LDS ematen zuten garaile. Emaitzek baina, aldaketa dakarte: zentro-eskuineko Alderdi Sozial Demokratak (SDS) irabazi ditu hauteskundeak. Botoen %99 zenbaturik, SDSk botoen %29,1 eskuratu ditu, LDSk berriz %22,8. Beraz, 90 diputaturen artetik 29 eskuratu ditu Alderdi Sozial Demokratak eta23 Alderdi Liberal Demokratikoak. Partehartzea %60,3koa izan dute, 2000. urtean baino %10,1 txikiagoa.

Hamabi urteren ondoren beraz, LDS ez da Gobernuan izango. Orain Janez Jansa Alderdi Demokrataren (SDS) buruak zentro-eskuineko alderdiekin osatuko du Gobernua. Eslovenia Berria (NSi) eta Esloveniako Alderdi Popularrarekin (SLS) ari da koalizioa negoziatzen. Bederatzi eta zazpi diputatu lortu dituzte hauek, hurrenez hurren. Horrela, Legebiltzarreko 90 diputatuen artean 45 zentro-eskuinarenak izango dira. Bere lehen adierazpenetan, Jansak, aldaketak iragarri ditu.

«Oposizio eraikitzailea»

Orain arte Esloveniako lehen ministro izan den Anton Ropek «oposizio eraikitzailea» egingo duela adierazi du. Agintean pasa dituen hamabi urteetan aldaketa handia ezagutu du Esloveniak eta aurten Europako Batasunean eta NATOn sartzea lortu du. Hala ere, herritarrek Jansak agindutako «bide berria» ezagutu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.