G20koen goi bilera. Lehen eguna

Aurrenekoan elkar ulertu dute

Siria hego ekialdean bihartik aurrera su-etena ezartzea adostu dute Putinek eta Trumpek. EIren kontrako borrokan nazioarteko lankidetza indartzeko konpromisoa hartu dute estatuek

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Donald Trump AEBetakoa, atzo Hanburgon, elkarri bostekoa ematen. MICHAEL KLIMENTYEV / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi zituenean, Errusiako Parlamentuan xanpainarekin topa egin zuten diputatuek. Izan ere, aurreko hilabeteetan, are urteetan, Trumpek Vladimir Putin Errusiako presidenteari buruz esandakoak aintzat hartuz gero, bi buruzagiek ondo elkar hartuko zutela zirudien. Baina iritsi zen Trump Etxe Zurira, hoztu ziren harremanak, eta ia urte erdia behar izan dute estreinakoz estatuburu gisa elkarrekin, eta bakarrik, esertzeko. Putinek atzo esan zuen telefonoz hitz eginda zeudela. «Baina ez da gauza bera». Herenegun, Varsovian, Trumpek estu hartu zuen Errusia, baina, atzo, Hanburgon (Alemania), G20 taldekoen goi bileraren aurreneko egunean, batzartu ziren ia bi ordu eta erdiz, eta aurrez aurrekoan berehala elkar ulertu dute. Erabakiak ere hartu dituzte. Errusiak Damasko babesten du, eta Trumpek «animalia» deitu zion duela hiru hilabete Siriako presidente Bashar al Asadi. Halere, bihar eguerditik aurrera Siria hego ekialdean su-etena ezartzea adostu dute.

Munduko hogei ekonomia boteretsuenetako buruzagiak biltzen dituen bilkurak baino askoz ere arreta gehiago piztu zuen Trump eta Putinen arteko solasaldi pribatuak. Ez batak ez besteak ez zuten hartutako erabakiez hitz egin, bileraren edukiaz, baina batzarraren eten batean Trumpek adierazi zuen «gauza positibo askori buruz» hizketan ari zirela. Putinek, bere aldetik, «poz-pozik» zegoela erantzun zuen. Areago, Rex Tillerson AEBetako Estatu Idazkariak nabarmendu zuen bi agintariek ez zeukatela bilera amaitzeko gogorik.

Bestela, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eman zuen atzoko bileren ondorioen berri. Batetik, «terrorismoaren kontrako» borrokari dagokionean, G20ko estatu guztiek nazioarteko lankidetza indartzeko konpromisoa hartu dute. Bestetik, Merkelek nabarmendu zuen G20koek eskatuko diotela NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari, Ipar Korearen jardun nuklear «guztiz mehatxatzaileari» eman diezaiola «neurriko erantzuna». Eta, azkenik, 20ko taldeko «gehien-gehienak» Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordiori eusteko asmoa dutela; AEBek horretatik kanpo jarraitu nahi duela, alegia, nahiz eta kantzilerrak ez zuen hori esan. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak pentsatzen du, baina, AEBetako presidenteak iritziz alda dezakeela. Gaur arratsaldean kaleratuko dute goi bileran hartutako erabakiak biltzen dituen dokumentua.

Tillerson eta Lavrov mintzo

Trumpek eta Merkelek ez dutela ondoegi hartzen atzo ere ikusi ahal izan zen, bilera eta bilera artean elkar topo egin zuten bakoitzean. Etxe Zuriko maizter berriak eta Putinek, aldiz, berehala «konektatu» zutela jakinarazi zuen Tillersonek —Putin eta Barack Obama AEBetako aurreko presidentearen artean ez zegoen feeling-ik—. Aurrez ere elkarri loreak-edo botatakoak ziren Errusiako eta AEBetako presidenteak. 2013ko azaroan Trumpek esan zuen «harreman bikaina» zeukala Putinekin, nahiz eta iazko uztailean bota ez zutela elkar ezagutzen... Errusiako presidenteak adierazi zuen, 2015eko abenduan, «talentuduna» zela Trump, «ongi etorria» izango zela Errusian, eta iazko ekainean «pertsona distiratsua» zela azpimarratu zuen. Alfonbra gorria prestatzen ari zen ia-ia. Halere, munduko potentzia handienetako buruzagien artean, Trumpekin aurrez aurre bildu den azkena izan da.

Tartean, gainera, FBIk ikerketa bat hasi zuen Errusiak AEBetako presidentetzarako bozetan esku hartzerik izan ote zuen argitzeko. Afera horrek, itxuraz behintzat, urrundu egin zituen. Tillersonen arabera, «AEBetako herritarrak arduratuta daudenez»,atzo horri buruz galdetu zion Trumpek Putini, eta errusiarrak erantzun zion ez dutela aferarekin zerikusik, frogak erakuts ditzala. Tillerson izan baldin bazen Trumpen ahotik mintzatu zena, Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministro Putinenetik. Haren esanetan, Trumpek garrantzia kendu zion Errusiak, FBIren ustez, kanpainan egindakoari. Halere, James Comey AEBetako Ikerketa Bulego Federaleko burua zenak baieztatu izan du, dudarik gabe, gainera, baietz, esku hartu zuela Errusiak.

Bestela ere tupust egin izan dute eta egiten dute bi herrialdeek. Alderdi militarrean, esaterako, Itsaso Beltzean, Mediterraneoan eta Baltikoan ohikoak dira batzuen zein besteen hegazkin eta ontzien arteko liskarrak. Baita Ukrainan gertatzen ari denari dagokionean ere. Han daukan jokabidea leporatu zion Trumpek Putini herenegun, baina atzo, «aldebiko komunikazio kanal bat» zabaltzea deliberatu zuten. Lavrovek adierazi zuenez, AEBek Ukrainarako ordezkari berezi bat izendatuko dute laster, eta hori Moskun bilduko da AEBetakoarekin. Errusiako Atzerri Ministroaren hitzetan, betiere 2015ean Minsken (Bielorrusia) Errusiak eta Ukrainak lortutako akordioak erabiliko dituzte abiapuntu gisa Ukrainako auziari heltzen diotenean. Sei hilabetez itxaroten egon ondoren, bi presidenteek aurrenekoan elkar ulertu dute, hortaz.

Mexikok ordain dezala

Mexikoko presidente Enrique Peña Nieto eta Trump ere lehendabizikoz bildu ziren, bakarka, atzo. Mahai gainean, besteak beste, Etxe Zuriko maizterrak AEBen eta Mexikoren artean eraiki nahi duen harresia. Trumpek beti esan izan du Mexikok ordainduko duela, eta atzo, horri buruz galdetu zion kazetari batek, eta erantzun zuen baietz, Mexikok ordainduko duela, «noski». Peña Nietok, berriz, esan zuen txio batean «eraginkorra» izan zela bilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.