Europako Batasunak ohartarazi dio Varsoviari, orain arte bezala jarraituz gero, boto eskubidea ukatuko diotela. Poloniako Gobernuak bultzatutako erreformak eragin du Europako Batzordeko presidenteordearen haserrea. Lege proposamena gaur bertan onartu du Diputatuen Kongresuak, eta datozen asteetan bozkatuko dute Senatuan.
Egitasmoak aurrera eginez gero, Gobernuak desegin egingo luke Botere Judizialaren Batzar Nazionala, eta Legebiltzarrak aukeratuko lituzke 25 kide berrietatik 15. Aldiz, orain arte batzarreko presidenteak berak hautatzen ditu kide guztiak. Horiek hala, lege berriak justizian eragiteko aukera emango lioke Parlamentuan gehiengoa duen alderdiari. Kasu honetan agintean den Legea eta Justizia eskuineko alderdiari.
"Zuzenbide estatua arriskuan jartzen dute azken neurriok", ohartarazi du Frans Timmermansek, Europako Batzordeko bigarrenak, eta iragarri du datorren astean berriz eztabaidatuko dutela gaiaz Bruselan. Oposizioak ere gogor gaitzetsi du ekimena, eta salatu kolokan jarriko duela bai demokrazia eta baita justiziaren independentzia ere.