Irlandako gatazka. Bloody Sunday

Aurrera, motz geratu delako

Ipar Irlandako Fiskaltzak soilik soldadu ohi bat auzipetu du Bloody Sundayko hilketengatik. Biktimen senideentzat, erabaki hori mingarria izan da, eta kasua berrikusteko eskatu diote jada fiskaltzari. Kate Nash, esaterako, «lur jota» sentitu da, baina borrokan jarraitzeko asmoa du.

ander perez zala
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
William Nash Derryko kaleetara(Irlanda) irten ziren 15.000 manifestarien artean zegoen 1972ko urtarrilaren 30ean. 19 urte zituen. Egun horretan, Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Aldeko Erakundeak manifestazio batera deitu zuen, eskubide zibilen alde eta ustez IRAko (Irlandako Armada Errepublikanoko) kide izateagatik epaiketarik gabe kartzelatzearen aurka. «Tiro egin zioten barrikada batean [mendebaldeko Bogside auzoko Rossville kalean], eta beste bi gazterekin batera hil zen. Aitak gertaturikoa ikusi zuen, eta anaiari laguntzera joan zen. Hari ere tiro egin zioten, bi aldiz, gorpuetatik urruntzeko, eta hiru gorpuak eraman zituzten. Aita shock egoeran geratu zen une horretan. Gerora, gogoratzen zuen bakarra zen han [manifestazioan] egon zela, baita nire anaia ere, baina ez zekien nola iritsi zen ospitalera». William Nashen arreba Kate Nashek egun horretan gertaturikoa azaldu dio BERRIAri; 23 urte zituen Erresuma Batuko armadako paraxutisten erregimentuak haren senideei tiro egin zienean.

Ia 50 urte igaro dira Irlandaren historiako gertakari lazgarri horretatik, eta Ipar Irlandako Fiskaltzak iragan martxoan aurkeztu zituen Erresuma Batuko armadako soldadu ohi baten aurkako karguak, Bloody Sundayn (igande odoltsua) gertaturikoagatik. Fiskaltzak argudiatu zuen badela froga nahikoa F soldadua izendaturikoa bi zibilen hilketekin lotzeko, eta beste lau pertsona hiltzen saiatu izana leporatzeko; soldadu ohi bakar bat auzipetzeko erabakia hartu zuen fiskaltzak, eta, beraz, Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak (PSNI) ez zuen aurkeztu kargurik ikertutako beste hamasei militar ohien aurka.

Stephen Herron fiskalburuak honako hau azaldu zuen erabakiaren berri ematean: «Ondorioztatu dugu nahikoa froga dugula esku artean soldadu ohi bat auzipetzeko, F soldadua, James Wray eta William McKinney hiltzeagatik eta Joseph Friel, Michael Quinn, Joe Mahon eta Patrick O'Donnell hiltzen saiatzeagatik. Gainontzeko hemezortzi susmagarriei dagokienez —hamasei soldadu ohiak eta IRA Ofizialeko ustezko bi kideak—, ondorioztatu dugu esku artean ditugun frogak ez direla nahikoa auzipetzeak gauzatzeko». Erabaki hori entzutean, Nash «lur jota» geratu zen, gainontzeko senideak bezala; bere anaiaren izen-abizenik ez zuen entzun fiskalaren hitzetan. «Gehiago espero genuen. Auzipetzea espero genuen, bai, 47 urteren ostean izan den arren. Soldaduak auzitara eramango zituzten itxaropena ez genuen inoiz galdu».

Baina erabaki hori motz geratu da. Nolabait, Herronen hitzek agerian utzi dute ideia hori, eta adierazi du bazekiela kolpea izango zela senideentzat: «Badakit familientzat bide luze bat izan dela puntu honetara iristea eta gaurkoa beste egun oso zail bat izango dela haientzat. Ulertzen dugu askok sentitzen duten etsipen sakona. Fiskal gisa, guztiz objektiboak izateko eskatzen digute».

Bloody Sunday oroimenean iltzatuta du Nashek; «tristura handiz» oroitzen du egun hura, «atzo» gertatu balitz bezala. «Gurasoak ospitalean zeuden, eta ezin izan zuten anaiaren lurperatzea ikusi [amari bihotzekoak eman zion]. Dena izan zen oso tristea, gure familiari inoiz gertatu zaion gauzarik okerrena. Egun horretan hildakoak errugabeak dira; armada britaniarraren plana edozein zela ere, haiek ordaindu zuten prezioa».

Hitz horiek azaltzen dute zergatik harrotu zituen hautsak Karen Bradley Ipar Irlandako ministroak iragan hilabetean. Ipar Irlandan 1960ko hamarkadatik 1990ekora izandako gatazkaz ari zen, Komunen Ganberan: «Soldaduek eragindako hilketak ez dira krimenak. Euren eginbeharra betetzen ari ziren, eta modu egokian jardun zuten».F soldadua auzipetu zutela jakina izan baino astebete lehenago esan zituen hitz horiek; polemika erraldoia izan zen, eta, gerora barkamena eskatu zuen arren, mingarria izan zen. «Berariaz esan zuen. Ikusi genuen eszena telebistan; idatzita zeukan zerbait irakurtzen ari zen. Ez da soilik hutsegite bat; kalkulaturiko adierazpen bat izan zen. Horrelakoa da beti esaten dutena».

Hurrengo pausoak

F soldadua delakoak, 2003an,zenbait froga eman zizkion Saville Ikerketari, era anonimoan, eta aitortu zuen hamahiru aldiz egin zuela tiro. Zehaztu zuen «pistolak eta bonbak zituzten pertsonak» hil zituztela, baina Mark Oliver Saville epailearen txostenak ondorioztatu zuen hori gezurra zela, «ez zegoela zalantzarik» F soldaduak «armarik gabeko» hiru laguni egin ziela tiro; soldadu horrek aitortu zuen horietako bati egin ziola tiro, baina arma bat zuela argudiatuta. Ikerketak gogorarazi zuen F soldaduak istorioa moldatu duela urteotan.

Nashek Erresuma Batuko justizian «konfiantzarik ez» duen arren, aurrera jarraitzeko asmoa du. Iragan hilabeteko erabakia berrikustea eskatu dute; hori izan da bide luze baten lehen pausoa. Fiskaltzak aztertuko du erabakia, eta oraindik ez dago zehaztuta noiz emango dien erabakiaren berri senideei: «Ez dugu datarik. Ez dakigu noiz izango den, baina espero dut laster izatea. Badakigu hartu dituzten erabaki guztiak atzeratzeko ohitura izan dutela».

Datorrenari begira, Nazioarteko Justizia Auzitegira joateko aukeraz ere mintzatu da Nash. «Biktimen familiek asko itxaron dute, eta indar asko erabili dute. Kasu honetan froga andana zeuden soldaduak askoz ere lehenago auzipetzeko. Aurrera jarraituko dugu; justizia nahi dugu. Kontua da nik, adibidez, 70 urte ditudala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.