«Ez dugu onartuko gure kaleetan beldurraren kultura nagusitzerik», adierazi zuen atzo David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, larrialdi kabinetearekin bigarren egunez bildu ostean. Horretarako, 16.000 polizia jarri zituen Londresko kaleetan asteartetik asteazkenera bitarteko gauean, eta aurreko egunetan baino lasaiago igaro zen gaua hiriburuan. Alabaina, istiluak ugaritu egin ziren beste hiri batzuetan:Birminghamen, Nottinghamen, Bristolen eta, batez ere, Manchesterren. Hori horrela, hurrengo egunetan Londresko kaleetan agente kopuru berbera izango dela eta Poliziaren jarrera irmoagoa izango dela iragarri du lehen ministroak. «Poliziaren metodo guztiek izango dute legezko baimena, edozein direlarik ere erabiltzen dituzten metodoak».
Cameronen ustez, «Erresuma Batuaren alde onena eta txarrena» erakutsi dute azkenaldiko istiluek: «Gaizkileak ikusi ditugu, baina baita kaleak zaintzeko eta garbitzeko bildu diren herritarrak ere». Istiluen ondorioz hildako azken hiru lagunak, esaterako, beraien lokala zaintzen ari ziren asteazken goizaldean Birminghameko Winson Green aldean, auzotar gehiagorekin batera. Auto batek harrapatuta hil ziren 20 eta 31 urte bitarteko gazteak, eta atxilotu dute jada ustezko erasotzailea. Tiro bat jaso ostean asteartean hil zen gizonezkoarekin batera, lau dira dagoeneko liskarretan hildakoak.
Atxilotu kopuruak ere gora egin du egunetik egunera. Poliziaren arabera, 1.094 lagun atxilotu dituzte istiluak izan diren hirietan. Londresko 805 atxilotuetatik 100 jada epailearen aurrean izan dira, eta horietatik 25 lagun adingabeak dira, 11 eta 15 urte bitartekoak.
Kaleko kamerak, ikergai
Erasotzaileen artean 12 eta 13 urteko umeak daudela eta, «izututa» dagoela aitortu du Cameronek. Baina berretsi du istiluak sustatzen eta kaleak suntsitzen dabilen oro identifikatuko dutela, eta kaleetan zaintzarako jarrita dauzkaten bideokamerak erabiliko dituzte horretarako. «Argazkiz argazki gaizkile bakoitza identifikatu eta atxilotu egingo dugu banan-banan».
Nolanahi ere, gobernuaren erantzuna eta Poliziaren jokabidea ahulegia izan den ideia hedatzen ari da Erresuma Batuko gizartean. YouGov agentziak The Sun egunkariarentzat eginiko inkestaren arabera, herritarren %57k txartzat jotzen dute Cameronen gobernuak azken egunotako istiluen harira izan duen jarrera, eta, %90en ustez, Poliziak gogorrago erantzun behar lukete erasotzaileen kontra ur kanoiak erabiliz. Are gehiago, Erresuma Batuko hiru biztanletik bat segurtasun indarrek suzko armak erabiltzearen alde dago, inkestaren arabera.
Bestalde, asteazken goizaldean Manchesterren izan ziren istilurik larrienak. Suhiltzaileek 155 su itzali behar izan zituzten, eta hamar polizia zauritu ziren kaleko liskarretan. «Inoizko eszenarik gordinenak ikusi nituen kaleetan», azaldu du Garry Shewan Manchesterko Poliziaren buruak. «Erasoak egiten dituztenak ezin dira inolako pankarta politiko edo moralen atzean jarri euren ekintzak justifikatzeko. Legeari eta gure hiriari inongo errespeturik ez dioten oportunistak baino ez dira», Shewanen hitzetan. Guztira, 113 lagun atxilotu zituzten Manchesterren asteazken goizaldean, horietatik hamazazpi ordena publikoaren kontrako delituak egitea leporatuta.
Erresuma Batua. Protestak
Aurrerantzean Polizia irmoago ariko dela esan du Londresko gobernuak
Londresen egoera baretu arren, istiluak ugaritu dira Birminghamen, Nottinghamen, Bristolen eta, batez ere, ManchesterrenLau hildako eta milatik gora atxilotu utzi dituzte Erresuma Batuko istiluek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu