Giro gero eta gehiago gaiztotzen ari da Palestinan. Aurreko astetik etengabeak dira aurrez aurreko bortitzak. Manifestari eta Israelgo armadaren arteko liskarrak etengabeak dira eta tiroz zauritutako palestinarrak ugarituz doaz. Gainera, azken egunetan israeldarren kontra egindako labankada erasoen ondoren, Israelgo poliziak arma baimena duten herritarrei kalera armatuta ateratzeko gomendatu die. Hainbat kasuetan kolonoek bat egin dute poliziarekin, palestinarren aurkako borrokaldietan.
Kiryat Gaten palestinar gazte bat hil du poliziak tiro. Aurretik soldadu bat labanaz erasotu dute. Amjad Hatem bezala identifikatu dute gaztea, hogei urte zituen. Ordubete lehenago, Jerusalemgo Hiri Zaharrean israeldar batek larriki zauritu du tiroz palestinar gazte bat. Ramallah inguruko protestetan bi gazte palestinar larri zauritu ditu tiroz Isarelgo armadak.
Atzo berriz, palestinar batek haren autoa Jerusalemgo kontrol postu baten aurka bota zuen. Poliziek auto gidaria tirokatu, eta osasun etxera eraman dute. Aurreko astetik palestinarren banakako erasoetan lau israeldar hil dituzte. Israelgo aramadak berriz, bi palestinar hil ditu Zisjordanian, euretako bat hamahiru urteko mutil bat zen