Kontzentrazio esparrutik bizirik irten ziren 300 bat lagunek omendu dituzte Auschwitzen hildakoak, esparrua askatu zutenetik 70 urte bete diren egunean. Lore eskaintzak egin dituzte presoak fusilatzen zituzten hormetako batean, eta horietako askok soinean zeramatzaten naziek esparrura iristean ematen zizkieten jantziak.
Auschwitzen hildakoak omendu dituzte, kontzentrazio esparrua askatu eta 70 urtera http://t.co/56DR1maPU5pic.twitter.com/0N02rWaPcX
— Berria.eus (@berria) January 27, 2015
II. Mundu Gerran sortu zuen esparrua Alemaniak, eta milioi batetik gora lagun hil zituzten bertan; juduak gehienak. Biktimekin batera, berrogei bat herrialdetako agintariek parte hartu dute omenaldi ofizialean; besteak beste, François Hollande Frantziako presidenteak, Joachim Gauk Alemaniakoak, Petro Poroxenko Ukrainakoak eta Bronislaw Komorowski Poloniakoak.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak utzitakoa da ekitaldiko hutsunerik nabarmenena. Sobietar Batasuneko armadak askatu zuen Auschwitz, eta Putinen eta Europako Batasuneko agintarien arteko tirabiren artean heldu da urteurrena. Ekitaldira ez dutela gonbidatu argudiatu du Putinek, eta Poloniako Atzerri ministro Grzegorz Schetynak, berriz, nabarmendu du "Ukrainako soldaduak" izan zirela batez ere kontzentrazio esparrua askatu zutenak. Liskarrak liskar, bertan egon da Sergei Ivanov Errusiako lehen ministrordea.