Gaur hasi da Alemaniako Detmold hirian Reinhold Hanningen aurkako epaiketa. Fiskaltzak 170.000 juduren hilketan parte hartu izana leporatzen dio. Hanningek berak onartu du Auschwitzeko kontzentrazio esparruko zaindari izan zela nazien erregimenaren garaian, baina ez hara heltzen ziren juduak gas ganberetara eraman zituenik.
II. Mundu Gerra garaian Auschwitzen preso egon ziren hainbat lekukoren testigantzak entzun ahal izango dira 94 urteko zaindari ohiaren aurkako epaiketan. Besteak beste, Leon Schwarzbaumena: "Tximiniak beti piztuta zeuden; jasanezina zen kearen usaina". Gaurko auzi saioan kontzentrazio esparruan bizi izandakoak azaldu ditu. Adibidez, gogora ekarri du gas ganberetara bidean presoek nola eskatzen zuten ura, egarriak akabatzen egoten zirelako. Schwarzbaumenek zuzenean Hanningi eskatu dio konta zezala han bizi izandakoa; baina hark ez dio ezer erantzun. Izan ere, ahozko saioa osoan ez du hitzik egin akusatuak.
Auzi gehiago
Hanning ez da datozen hilabeteetan epaituko duten zaindari bakarra. Izan ere, martxan dauden harekin batera kontzentrazio esparruan lanean aritu ziren beste bi gizonezko eta emakume baten aurkako prozesuak.
Orain arte, gainera, Fiskaltzak frogatu egin behar zuen akusatuek hilketetan parte hartu zutela. Baina John Demjanjuken aurkako auziak irizpidea aldatu zuen. Orduan, epaileak ondorioztatu zuen Demjanjukek zaindari lana egin zuela frogatzea nahikoa zela hura hilketagatik zigortzeko.