Gaur Bloomfielden eginiko zeremonia batean, Australiako agintariek Ekialdeko Kuku Yalanji herriari itzuli diote Daintree oihan tropikala. 160.108 hektareako natur parkeko zaindari ofizial bihurtu dira aborigenok, eta Queensland estatuko gobernuarekin batera kudeatuko dute gunea.
Unescok Munduaren Ondasun izendatuta du oihana, eta aborigenen bizileku izan da mendeetan, lehen europarrak uhartera heldu baino asko lehenagotik. Basoz, mendiz, ur jauziz eta hondartzaz beterik dago Daintree, eta Australiako ipar-ekialdeko kostako Koral Hesi Handiarekin egiten du muga.
Daintreez gain, aborigenek Ngalba Bulal deitzen duten Cedar Bay, Kalkajaka edo Black Mountain, eta Hope uharteak ere sartu dira aborigenen eta Australiako Gobernuaren arteko itunean.
Jabetza itzulita, Australiako Estatuak adierazi du aborigenak «munduko kultura bizirik zaharrenetako bat» direla, eta onartu die euren herrialdearen jabe izateko eskubidea, «hura kudeatzeko, euren kultura babesteko, eta hura bisitariekin partekatzeko, turismoaren industrian lider bihurtu ahala», Meaghan Scanlon Ingurumen ministroak adierazi duenez.
1988. urtean izendatu zuen Unescok Munduko Osasun Daintree eskualdea. Erakundeak nabarmendu zuen ingurunearen bioaniztasunaren aberastasuna eta originaltasuna. 3.000 landare espezie baino gehiago bizi dira han, eta 588 animalia espezie.
Ekialdeko Kuku Yalanji herriaren ordezkariek adierazi dute euren helburua gunea eurek bakarrik kudeatzea izango dela.