Australia

Australiak milaka gamelu sakrifikatuko ditu, lehortearen ondorioz

Gameluen gainpopulazioa dagoela argudiatu du gobernuak, eta ezin dutela kontrolatu desertuko ur eremuetara gerturatzen den kopuru handia.

Australiak gameluak hiltzeko plana jarri du abian. NINTI ONE / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 8a
09:10
Entzun

Australiako Gobernuak adierazi du 10.000 gamelu basati inguru hilko dituela uhartearen erdialdeko desertuan. Animalia horien gainpopulazioa dago Anangu Pitjantjatjara Yankunytjatjara erreserban, eta, bizi duten lehortearen ondorioz, gameluak aborigenen ur erreserbetara gerturatzen dira egarria asetzeko asmoz. Hego Australiako Ur eta Ingurumen Ministerioaren arabera, eremuan bizi diren aborigenek ezin dituzte kontrolatu, eta herritarrak arriskuan daude.

Eremuko herritarren ur erreserbetara gerturatzen dira animaliok, eta azpiegiturak apurtu eta herritarrak arriskuan jartzen dituzte, gobernuaren arabera. Horrez gain, adierazi dute gamelu asko egarriz hiltzen direla, eta beste asko uragatik izaniko euren arteko borroketan. "Hainbat kasutan, animalien gorpuek ur iturri garrantzitsuak eta inguru kulturalak —leku sakratuak— kutsatu dituzte", dio gobernuaren komunikatuak.

Australian 1,2 milioi gamelu basati inguru daude, eta kopurua bederatzi urtean behin bikoizten da. Horiek 3,3 milioi kilometro karratuko eremua hartzen dute, eta urtean 6,1 milioi euroko balioa duten kalteak eragiten dituzte. Ez da Australian animaliak era horretan hiltzen dituzten lehen aldia. Bertakoak ez diren animalien aurka hartu izan duten ohiko neurria da, ekosistema eta espezie autoktonoak babesteko. Esaterako, Ninti One enpresak gamelu basati guztiak hiltzea proposatu zuen 2011n, "flatulentziek berotegi efektuan duten eraginari" aurre egiteko. Oraingoan, bost egun iraungo duen operazioa izango da, gaurtik hasita, eta frankotiratzaile taldeak arduratuko dira, helikopteroetatik tiro eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.