Erresuma Batuak Australia inbaditu zuenean, bertako lurrek jaberik ez zutela, hutsik zeudela zioen legea jarri zuen indarrean (Terra nullius), eta, beraz, Europatik hara joandakoek lurra ustiatzeko askatasun osoa zuten. Milakaindigena hil, baztertu eta ikusezin egin zituzten. Lege hori 1992. urtean indargabetu zuten, eta harrezkeroztik aborigenek lurrak berreskuratzeko lege eskaerak bideratu dituzte, haien borroka kolonizazioarekin batera hasi zen arren. New South Walesko Gobernuaren eta indigenen arteko akordio honek arrazoi eman die githabul tribuaren hainbat eskaerari eta onartzen du eskubide historikoak dituztela Australiako hainbat eremutan. New South Walesko 6.000 kilometro koadrori eragiten die akordioak, eta bizimodua euren ohituretara egokitzeko aukerari bidea zabaltzen dio, aborigenek diotenez, akordioak zer emango duen neurtzeko goizegi dela iritzi dioten arren.
Akordioak nabarmentzen du, hala ere, ez zaiela lurjabetza onartzen, lurra partekatzeko eskubidea baizik, eta, horren arabera, githabul tribuko arduradunek eta Gobernuak elkarrekin kudeatukodituzte hainbat baso eta parke natural, horien artean NBEk izendatutako Gizateriaren Ondare diren gune batzuk. Gobernuaren eta indigenen artean hamar urteko negoziazio eta tirabiren emaitza da akordio hau, eta oztopo ugari izan dira onartuaurretik. Aborigenentzat garaipen esanguratsua da, lurralde hori berreskuratzeko borroka Australiako garrantzitsuenetakoa baita.
Tribuko arduradunek uste dute aborigenen bizi-baldintzak hobetzeko aukera asko emango dituela, lana sustatuko duela, eta bertakoen ohiturei lotuago dagoen bizimodua bultzatu ahal izango dutela. Izan ere, lurra da aborigenen oinarria, haren ustiaketa mendeetako bizi iturria, ehiza, arrantza eta nekazaritza ekonomia jarduera garrantzitsuenak. Hitzarmenak, esaterako, ehizarako izan dituzten mugak kenduko ditu. Babesturik dauden animaliak ehizatu ahal izango dituzte, besteak beste, dortokak eta hartzak. Historikoki zapaldu dituzten kultura eta ohiturak berreskuratzeko urratsa ere badela diote. Eremu horretan daude gurtzen dituzten arbaso garrantzitsuenen gotorleku diren mendiak.
GIZARTE MARJINATUA. 460.000 aborigen inguru bizi da New South Walesen; gaur egun komunitate baztertuena da. Inbasioa hasi zenetik,apurka, euren bizibide izandako lurretatik bidali eta askok eta askok hirietara jo behar izan dute jatekoaren bila. Ghettoetan bizi dira, baldintza kaskarretan, erabat pobre, eta langabezia tasa aborigenen artean izugarria da. Bizi- itxaropena batez beste 20 urte gutxiagokoa da zuriekin alderatuz gero. Landa eremuetan bizi diren gehienek, berriz, lurjabe handientzat soldatapean lan kaskarrenak eta gogorrenak egiten dituzte sasoi batean euren lurrak izandakoetan.
Australiako aborigenak, lurjabeago
Hegoaldeko Gales Berria eskualdeko 6.000 metro koadro lur ustiatzeko akordioa lortu dute aborigenek Gobernuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu