Austrian eskuin muturraren igoerak zaila egingo du koalizio gobernuaren eraketa

Bozen %29,7 lortu dute sozialdemokratek, baina eskuin muturraren botoak batuta %29ra iritsi da haren emaitza

2008ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Inkestek hala iragartzen bazuten ere, Austriako Legebiltzarrerako bozetan eskuin muturreko bi alderdiek nabarmen gora egiteak gogor astindu du herrialdearen giro politikoa. Horrek, antza, oso zaila egingo du koalizio gobernu bat eratzea, edozein aldetik ikusita indar politiko bakar batek ere ez baitezake gehiengorik osatu.

Austriako Legebiltzarraren 183 diputatuak aukeratzeko bozak igandean egin ziren, legeak ezartzen zuen epea baino lehen; izan ere, SPOko sozialdemokraten eta OVPko kontserbadoreen arteko koalizio gobernua hausteak bozak aurreratzea eragin du. Bi urtez izan da indarrean bi alderdi nagusien arteko koalizioa. Aliantza horren barnean izandako gatazka giroak zerikusirik izan du, ziur asko, bi indar politiko horiek igandeko hauteskundeetan izan duten emaitzetan behera egin izanarekin.

SPO lehen aldiz botoen %30en azpitik gelditu da. Bozen %29,7 lortu du, eta sei puntu galdu 2006. urteko urriko hauteskundeen emaitzekin alderatuta. Galera are handiago jasan du OVPk, botoen % 25,6rekin geratu baita, ia bederatzi puntu galduta, orain dela bi urteko bozei parekatuta. Aitzitik, nabarmen gora egin dute eskuin muturrean sailkatuak dauden bi alderdiek. FPOk botoen %18 bereganatu du, eta BZOk, bozen %11 jaso du, biak zazpi puntuz igo direlarik, 2006ko emaitzen parean. Bi alderdi politiko horien emaitzen batuketa eginda, beraz, eskuin muturreko indarren botoek %29 osatzen dute gaur egun Austrian.

Herrialdean bertan eta atzerrian demokraten kezka bizienak sortzeaz gainera, egoera horrek oso zaila egiten du gobernu koalizio baten eraketa Vienako aginte federalean. Bere alderdiak boto gehien lortuta, SPOko buruzagi Werner Faymannek igande arratsean emaitzen berri hartzean bertan adierazi zuen prest zegoela egonkortasuna bermatuko duen gobernu bat eratzeko. Arazoa da, baina, nola lor dezakeen gobernu horren aldeko gehiengo parlamentario bat osatzea. Azken bi urteotan, sozialdemokraten eta kontserbadoreen artean izandako arazoak aintzat hartuta, zaila dirudi SPOk eta OVPk berriro koalizio gobernua eratzeko moduan direnik. Wilhelm Molterer OVPko presidenteak, emaitzak jakitean, dimisioa eman du -alderdiaren eskuetan jarri du bere etorkizuna-.

SPOko agintari gorenak baztertu egin du ere, eskuin muturreko bi alderdietako edozeinekin aliantza egitea. Alta bada, FPOko buruzagi Heinz-Christian Strachek, nola edo hola, jakinarazi zuen, igandeko bozen emaitzak jakin orduko, koalizio gobernu batean partaide izatea ontzat hartuko lukeela: «Austriaren egonkortasunerako bi alderdiren artean osatutako gobernu gehiengo bat dela egokiena esan dut beti». Aukera hori gauzatzeko asmoak aurretik datoz; FPOk sozialdemokratekin batera boto egin baitzuten, hauteskundeak izan eta hiru egun aurretik, sendagailuentzako BEZ tasa %10era jaitsarazteko. OVPk, aldiz, bere aliatu ohien planteamendu horren kontra egin zuen.

SPOk boto gehien lortu duela aintzat hartuta, Austriako presidente Heinz Fisherrek sozialdemokraten buru Werner Faymanni gobernu bat eratzeko agindua eman behar lioke. Horrek eskuin muturrarekin aliantza egitea baztertzen duenez, OVPrekin koalizio berri bat osatzearen ahaleginari eutsiko lioke, boto emaileek azken bi urteotan agintean egon den gobernu hau zigortu egin duten arren. Horretarako, baina, OVP alderdian agintari berriak egon beharra azpimarratu du Faymannek. Beste aukerarik egon ezean, Legebiltzarrean gehiengorik izango ez lukeen gobernu bat era dezake SPO, horrentzako sostenguak aldian aldiko aliantzekin osatuta.

Eskuin muturraren ezinikusia

Igandeko hauteskundeetan boto gehiengoa lortu ez duten arren, garailetzat eman diren eskuin muturreko FPO eta BZO alderdien artean aliantza bat eratzea zaila ikusten da, bi alderdietako agintarien arteko ezinikusia aspaldikoa baita. Kanpainan, FPOko buruzagiak eta BZOko agintari goren Jorg Haiderrek kritika gogorrak egin dizkiote elkarri. Eskuin muturreko bi indarretako buruek iruzur egitea leporatu diete bata-besteari. Alta bada, bai Strachek eta bai Haiderrek neurri berdintsuak planteatu dituzte, immigrazioari gelditzeko edo inflazioari zein langabeziari aurre egiteko. FPO eta BZOren arteko ezinikusia, beraz, Strache eta Haiderren arteko lehia zorrotzaren ondorioa da, bereziki.

Haider izan zen Austrian eskuin muturraren gora egitearen aitzindari, 1980 eta 1990eko hamarkadetan. Immigrazioaren aurkako mezuak zabalduta, FPOren gorakada azkarraren bultzatzailea izan zen -alderdi hori 1986an botoen %9,7 jasotzetik, bozen %26,9 eskuratzera pasatu zen 1999an-. Azken emaitza horien ondorioz, OVPk osatutako gobernua sustatu zuen Haiderrek, Europako Batasunak Austriaren aurka bazterketa neurriak hartu zituen arte, 2000. urtean. Urte horretan bertan, Haiderrek bertan behera utzi zuen FPOren buruzagitza eta alderdi horretatik alde egin zuen, beste batzuekin batera. BZO eratu zuten 2005. urtean.

Arerio gisa jokatu arren, eskuin muturreko bi alderdien igoerak hautsak harrotu eta kezka sortu du, Austrian bertan zein nazioartean. Gertakari horren nondik norakoa aztertzean, adituak bat datoz esatean SPO eta OVP alderdien artean osatutako koalizio gobernuaren porrotak eragin dituela emaitza hauek. Peter Hofer politologoaren ustez gauzak nahikoa argi daude: «Boto emaileek protesta nahi izan dute egin koalizio horren jokaera politiko txarra ikusirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.