Gutxienez 14 bidaiari hil ziren, beste 11 zauritu eta 16 desagertuta geratzen ziren atzo iluntzean, Istanbuldik eta Kurdistango Van hirira arteko bidea egiten zuen autobus bat ibai batera erortzearen ondorioz. Ezbeharra Tokat probintzian gertatu zen eta hango gobernadore Izzet Ercanek zehaztu zuenez, sorospen taldeek autobusaren hegatz gainera igo ziren hamar lagun salbatu ahal izan zituzten. Beste batek lortu zuen Kelkit ibaiko urlasterretatik igerika irtetea, eta berak zuen alerta eman.
Gobernadoreak zehaztu zuen garaiotan Kelkit ibaiko urlasterra oso indartsua dela eta han harrapatuak izan direnen bizirik aurkitzeko aukera oso gutxi dagoela. Hala, urerat erori ziren bi lagunen gorpuak ezbeharra gertatu zen lekutik hogei bat kilometro beherago aurkitu zituzten, zubi baten pean. Ibaiko ur maila jaitsarazteko eta bilaketa lanak errazago egiteko, ezbeharreko gunetik gorago kokatuta dagoen barradera bateko ataskak itxiarazi zituzten agintariek. Hala ere, autobusean 43 bidaiari zihoazela kontuan harturik, istripu horretan 30 lagunek bizia galtzea ia segurutzat ematen zen atzo iluntzean.
Autobus bat ibaira erorita, 14 bidaiari hil dira eta 16 desagertu
Ezbeharra Tokat probintzian izan da, Istanbuldik Kurdistanera bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu