«Galizia nazio bat da. Eskubideak ditugu. Entzun dadila gure ahotsa». Maria Xose Bravo Via Galegako bozeramailearen hitzak dira, gaur goizean Santiago de Compostelako kaleetan esandakoak. Autodeterminazio eskubidearen aldeko mobilizazioa zuen deitua plataformak gaurko, aldarrikatzeko «Galiziak bere kabuz gobernatzeko beharra» duela eta azpimarratzeko «galiziarrek euren helburuen bozeramaile izateko beharra» dutela.
«Jasaten ari garen krisi ekonomiko, sozial eta sanitario honi galiziarrok erantzun egin behar diogu», adierazi du Bravok. «Galiziarrok erabaki behar dugu gure arazoen konponbideak zeintzuk diren», gehitu du.
[SOCIAL] Inicia manifestación de Vía Galega na Alameda de Santiago de Compostela. pic.twitter.com/zxD24RWcAe
— Nós Diario (@NosDiario) April 18, 2021
«Horrek bultzatzen gaitu duela hiru urte plataforma hau sortu nahi izan genuen ia 70 erakundeak eta 1.500 pertsonak: Galiziaren interesak defendatzeak. Gure gauzei buruz erabakitzen den tokian Galizia egon dadin, oinarrizko gaiei buruz erabakitzeko ahotsarekin eta botoarekin. Horretaz ari gara erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean», esan du bozeramaileak.
[SOCIAL] Centos acoden á manifestación de Vía Galega para reivindicar os dereitos nacionais da Galiza #SantiagoDeCompostela#PrazaQuintana#Galizapic.twitter.com/nIm37CyvyH
— Nós Diario (@NosDiario) April 18, 2021
Manifestazioan parte hartu duten ehunka lagunek —mila baino gehiago izan dira, antolatzaileen arabera— Galizia nazio bat da, eskubideak dituen herri bat lemapean egin dute ibilbidea. Besteak beste, entzun den oihuetako bat izan da «aurrera etengabe, Galiziako Errepublika lortu arte». Parte hartzaileek une oro bete dute COVID-19aren kutsatzeak saihesteko protokoloa.
María Xosé Bravo: "Nos non pedimos nada a Madrid, queremos só o noso, soberanía para gobernarnos a nós mesmas". pic.twitter.com/Q6akNKtvjg
— VIA GALEGA (@ViaGalega) April 18, 2021
«Espainia gure galbidea da» edota «gobernua hemen, ez Madrilen» izan dira entzun diren beste aldarri batzuk. Galiziako nazionalisten artean esanguratsuak diren hainbat lagunek hartu dute parte manifestazioan, besteak beste, Nestor Rego BNGk Espainiako Kongresuan duen ordezkariak, Paulo Carril CIGko idazkari nagusiak, Neves Rodriguez eta Isabel Risco aktoreek eta Suso de Toro idazleak.
Zehazki, Risco izan da manifestazioaren amaierako ekitaldia zuzentzeko arduraduna; musika, berriz, Jasper eta Rodrigo Ramosek jo dute. Maria Xose Bravok hartu du parte, baita Rodriguez eta De Torok ere. Haiek egin dute manifestuaren irakurketa. Azkenik, Galiziako ereserkia entzun dute.
Galiziako ogasuna
Bravok Via Galegaren hastapenak izan ditu gogoan. Nabarmendu du, sortu eta hiru urtera 65 elkartek baino gehiagok osatzen dutela plataforma, eta horiek guztiek dutela helburutzat aldarrikatzea «Galiziak herri gisa eskubideak dituela eta gure ahotsa entzunarazi behar dugula, Galizia burujabe, demokratiko eta feminista bat eraikitzeko».
Horretaz gain, Via Galegako ordezkariak gaitzetsi egin ditu Galizia nazio pobrea dela eta estatuak diruz laguntzen duela dioten ahotsak. Haren arabera, Via Galegak kontuak argitzen ditu: «Nazio aberatsa gara, jende langilez betea, eta gure erabakien jabe eta arduradun izan nahi dugu».
Galiziaren autogobernurako tresnak eskatu ditu Bravok, besteak beste, Galiziako ogasuna martxan jartzea. Eskaera gehiago ere egin ditu: Galiziako elektrizitatearen prezioa jaistea; urtegien eskumenak berreskuratzea —kasu askotan frankismo garaian emandakoak—; eta benetako berrindustrializazio politika bat.
Emigrazioak eragindako arazo demografikoak ere izan ditu hizpide bozeramaileak: «Feijoo Xuntara heldu zenetik 100.000 gazteri eragin die horrek, eta ezinbestekoa da Galiziak arrantza politika komunaren eta nekazaritza politika bateratuaren erreforman zuzenean parte hartzea, gure interesak defendatzeko».
«Nazionalistok kexatu besterik ez dugula egiten dioten horiei berriz, argi esaten diegu: Madrili ez diogu ezer eskatzen; gure arazoen konponbideak guk bilatu nahi ditugu, gure lanetik bizi nahi dugu». Gehitu du eurek ez diotela inori «ezer lapurtu nahi».
«Espainiako estatu osoan sortu da nazioen ezberdinen eta eskubide kolektiboen onarpenaren inguruko eztabaida, eta estatuaren lurralde antolaketan aldaketak izaten direnean han egon behar du Galiziak», adierazi du Bravok.
Autonomia erkidegoen antolaketari buruz, berriz, esan du «gaur egungo arazoak konpontzea galarazten digun oztopo bat» dela: «Herri honek behar dituen erantzunak ez ditugu modelo hori erreformatuz eskuratuko».
Hizkuntza eta kultura
Neves Rodriguezek ere azpimarra egin du Galiziaren nazio izaeran, haren iritziz, nazio bat izateko ezaugarri guztiak betetzen baititu: «Castelaok berak aipatzen zituen Galiziaren ezaugarriak: hizkuntza propioa, lurralde ezberdina, jarduera ekonomia berezia, ohitura psikologiko koletibo batzuk eta kultura propioa».
«Herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu», gehitu du.
Aberastasuna eta ahalmenak
Suso de Toro idazleak, berriz, galiziarrek euren etorkizuna erabakitzearen aldeko aldarria egin du, hori ezinbesteko baita «espoliazioa eragozteko eta gure baliabide eta energia propioak izateko, baita gure basoetan eukaliptoa zabatzea eragozteko ere». De Tororen iritziz, burujabetza ezinbestekoa da pandemiari aurre eraginkortasun handiagoarekin egiteko, sistema ekonomikoa propioa izateko edo kalitatezko zerbitzu publikoak izateko, besteak beste.
«Burujabetza eskuratzen badugu Galizian sortzen diren aberastasuna eta baliabideak galiziarron zerbitzura egongo dira», azaldu du idazleak. «Laburbilduz, gizarte libre, demokratikoago, bidezkoago eta parekideagoa bat eraikitzeko».