Santa Cruzen bezala, Boliviako Beni eta Pando eskualdeetan ere autonomiaren alde bozkatu dute herritar gehienek galdeketan, baina orduan bezala abstentzioa handia izan da. Ikerketa taldeek azkar egindako zenbaketaren arabera, herritarren %80k baino gehiagok autonomiaren aldeko botoa eman dute Benin eta Pandon. Pandoko Hauteskunde Batzordeari jarraiki, baiezkoak botoen %85 jaso ditu mahaien %46,5 zenbatuta direnean, eta abstentzioa %40 baino handiagoa da. Benin, hautesleku mahaien %31 zenbatuta daudenean, %81 lortu ditu baiezkoak, eta abstentzioa %31 baino gehiago da.
Boliviako hauteskunde legeak dio hautesleen erdiek bozkatu behar dutela gutxienez galdeketa baliozkoa izateko. Horrenbestez, gerta daiteke, Pandon bederen, erreferenduma baliorik gabe gelditzea. Adituek ohartarazi dute datuak tentuz hartu beharrekoak direla, eta emaitza ofizialen zain egon behar dela gogoeta egiteko. Ostiralean dira jakinaraztekoak behin betikoak. Hala ere, zain egon gabe erreferendumaren garaipena ospatu dute Beni eta Pandoko agintariek, kaleetara atera diren milaka herritarrekin. Beniko prefektu Ernesto Suarezek Trinidaden azaldu du autonomiaren garaipena batasun nazionalaren bermea dela: «Autonomia ez da banaketa, are gutxiago zatiketa. Inoiz ez diogu utziko beniar eta boliviar izateari».
Nazio sentimendua berreskuratzeko eskatu du Suarezek, zentralismoari egotzi dizkion gorrotoa eta inposizioak lurperatzeko. Boliviarrek indarkeriarik gabe beren arteko ezadostasunak konpontzeko gai izan behar dutela gaineratu du, eta galdeketaren harira gertatu diren liskarrak gogorarazi. Hala, Suarezek MAS Sozialismorako Mugimenduaren jarraitzaileen erasoei egotzi die erreferendumean izandako abstentzio handia. Gobernuak jokabidea aldatzen ez badu horren ondorioak jasan beharko dituela ohartarazi du Leopoldo Fernandez Pandoko prefektuak.
«Bagenekien irabaziko genuela, baina ez genuen uste hainbesteko nagusitasunarekin lortuko genuenik», aitortu du Fernandezek Cobijan milaka jarraitzaileen aurrean. Galdeketaren eguna gogoangarria eta inflexio puntua izango dela dio. Pandoko gizarteak garaitu egin ditu, bere esanetan, herritarren ahotsa entzun ez zedin ahalegin guztiak egin dituztenak: «Herria ez dago inoiz oker; Jainkoaren ahotsa da». Aurrerantzean eskualdeari buruzko erabakietan zeresan handia izango dutela iragarri du, baita Boliviaren norabidean ere. Gobernuak eta Konstituzioak aitortzen ez dituzten estatutuei jarraiki, eskualdeetako gobernu autonomoak osatuko dira, eta prefektua gobernadore izendatuko dute. Alfredo Rada Barne ministroak salatu du erreferendumak legez kanpoko estatutu «bideraezinak» inposatzeko eginak direla. Radaren hitzetan, autonomien kausa zilegizkoa ahultzen dute. Santa Cruzeko galdeketak eta igandekoek erakusten dute, haren ustez, autonomia estatutuek ez dutela herritarren benetako babesik. «Mezua da autonomia bai, estatutuak ez». Haren hitzetan, autonomia lortzeko bideak legezkoa, Konstituzio berriarekin bateragarria eta «benetan demokratikoa» izan beharko luke.
MORALESEN OPOSIZIOA, BAT EGINIK. Evo Morales presidentearen aldekoek hainbat errepide blokeatu dituzte, eta Pandoko Filadelfia herrian ezin izan dute botorik eman. Trinidaden, Beniko hiriburuan, Moralesen jarraitzaileen eta oposizioaren arteko liskarrak izan dira Ruben Costas Santa Cruzeko gobernadorea eta Mario Cossio Tarijakoa heltzean. Ilargi Erdia deitura hartu duten ekialdeko lau eskualdeetako agintariek bat egin dute autonomiaren ospakizunean. Santa Cruz, Pando eta Beniren ostean Tarijak egingo du galdeketa hilaren 22an, eta Cochabambak eta Chuqisacak ere iragarri dute. «Ez dute onartzen indigena batek agintzerik, hori da oligarkia taldeek ezin onartu dutena», deitoratu duMoralesek.
Autonomiaren alde egin dute Benin eta Pandon, parte-hartze txikiarekin
Boliviako Gobernuari jarraiki, galdeketek porrot egin dute, abstentzioa %30 baino handiagoa izan baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu