Xariako Poliziak (Polisi syariah), hain zuzen, iragan uztailean soineko zabalak banatzeari ekin zion eskualdeko hiriburuan, Banda Acehn. Emakumeek soinean daramatzaten «jantzi desegokiak» -«lizun»hitza ere erabili izan da- ordeztu beharko dituzte, legez, arropa horiekin; lege islamikoaren izenean, jakina.«Soineko egoki» horietatik 20.000 inguru banatzen hasi da jadanik Polizia, eta emakumeei ez zaie komeni «opari» horri uko egitea, ezen «poliziek atxilotu orduko, jantzi desegokiak daramatzaten emakumeek tunika hori jantzi beharko dute, nahitaez». Aceh eskualde autonomoko arduradunetatik batek eman du horren berri: «Legea betearazteko ekintzak areagotuko ditugu».
Uztail amaieran «jantzi egokiak» banatzeari ekin aurretik, kalean ibiltzen diren emakumeen kontrako jazarpena nabarmen areagotu da. Hala, iragan maiatzaren 25ean, poliziekhogeita hamar bat emakume atxilotu zituzten mendebaldeko herri batean. «Horietatik erdiek eskura zituzten jantzi egokiak, baina ez zituzten jantzita; arropaz aldatzeko gomendioa egin genien; tunikarik ez zutenei, aldiz, legeari lehenbailehen egokitzeko aholkua eman genien». Teuka Abdurrazak Banda Aceh hiriburuko polizia eledunak lasai asko mintzatzen da.
Indonesiaren babesa
Emakumeei «jantzi egokiak» zeintzuk diren gogorarazteaz gain, Xariako Poliziaren 1.500 kideen betebeharrak askotarikoak dira: alkoholaren kontsumoa eta diru jokoetan aritzea galaraztea eta arauez kanpoko sexu harremanak zigortzea. Horretarako,gainera, legearen babesa dute; Indonesiako Parlamentuak 2006ko uztailaren 11n onartu zuen Acehko Gobernurako Legeak (LOGA) xaria gauzatzea zuzenbidezko egin baitu. Aurretik ere, baina, xariaren aplikatzea onartua zen eskualdean, zeren eta gerra egon arren, Jakartak ontzat jo baitzuen lege islamikoa indarrean jartzea, 2001ean lehendabizi eta 2002an berriro. Alde horretatik, auzitegi islamikoak eratu zituzten 2003. urte amaieratik.
Bakea hitzartzeak eta autonomia garatzeak, beraz, gauzak okertu besterik ez du egin. Horren froga argiena izan da Acehko Legebiltzarrak iazko irailaren 14an onartutako lege sinesgaitza. Horren arabera, ezkondu aurretik sexu harremanak dituzten emakumeei zein gizonezkoei ehun kolpe emango zaizkie; adulterioa egiteaz erruduntzat joko direnak, aldiz, harrika hiltzera kondenatuko dira. Acehko agintariek lege hori onartu aurretik, baina, dozenaka herritar makilakadaz joak izan dira jendaurrean, batez ere auzitegi islamikoak 2004an martxan jarri direnetik.
Gatazka luzearen amaiera
Emakumeentzat, bereziki, eta herritar ororen eskubide zibilentzat, oro har, mesedegarria izan ez bada ere, duela bost urtetik garatzen ari den estatutu bereziak autogobernu esparruak zabaltzeko balio izan du. Hala, 2006ko legearen ildotik, eskualdeko aginte autonomoak honako eskuduntza hauek ditu: eskualde garapena, lurralde antolakuntza, ordena publikoa, osasuna, hezkuntza, gizarte gaiak, enplegua, lantokien garapena, ingurumena, lurraren kudeaketa, estatu zibila, azpiegitura publikoak, administrazio orokorra... Eskuduntza horiek hazteko moduan, 2005. urteko abuztuaren 15eko bake itunak eta 2006. urteko uztailaren 11ko legeak xedatu dute eskualdeak ustiatuko dituela bertako petrolio eta gas ekoizpenek eragindako diru sarreren %80.
Finlandiako presidente izandako Martti Ahtisaariren CMI BakeBideetarako Egiturak bultzatu zituen Jakartako agintearen eta GAM Gerakan Aceh Merdeka (Aceh Askatzeko Mugimendua) arteko bake elkarrizketak -Lorpen honen eta beste egitasmoen batzuen ordainez, Ahtisaarik Bakearen Nobel saria jaso zuen 2008an-. GAMek urteetako borrokaren ostean bakea eta autonomia eskuratu zituen. Eta 2007. urteko hauteskundeetan indar politiko nagusia bilakatu zenAcehn. Irwandi Yusuf GAMeko buru ohiak botoen %39,2 eskuratu zituen eskualdeko lehen bozetan.
Gatazkak, baina, luzea izateaz gain, ondorio latzak eragin ditu urteotan Acehn; izan ere, 15.000 hildako eragin ditu. GAM 1976an eratu zen, independentzia eskuratu, eta diktadura salatzeko; baina hondamendiaz gain bake prozesua abiatzeko ateak zabaldu zituen tsunamiak. Aceh izan zen kalterik handienak izan zituen eremua, 2004ko abendu hartan -120.000 lagun hil ziren eskualdean-, eta orduan independentziarako asmoak alboratu zituzten, gerrillariek autonomiaren truke.
Kronologia
MENDE ERDIKO GATAZKA1953. Acehko independentisten burujabetza eskatu zen.
1959. Jakartako gobernuak autonomia mugatu bat ezarri zion Acehi. Handik hiru urtera zabaldu zuen autonomia.
1966. Suharto jenerala buru zela, armadak boterea indarrez hartu zuen Indonesian.
1976. GAM Aceh Askatzeko Mugimendua eratu, eta borrokari ekin zion gerrillak.
1990. Jakartako gobernuak operazio militarretarako eskualde gisa izendatu zuen Aceh. Jazarpena areagotu zen.
1999. Milioi bat herritar baino gehiago atera zen kalera, independentzia aldarrikatzeko.
2000. Abdurrahman Wahid Indonesiako presidenteak su-etena aldarrikatu zuen, Genevan (Suitza) hasitako bake elkarrizketen harira.
2002. Aceh eskualde bereziaren izendapena lortu zuen; lehen eskuduntzak eskuratu zituen.
2003. Jakartak gerra legea ezarri zuen.
2004. Tsunamiak sekulako hondamendia eragin zuen.
2005. Jakartako gobernuak eta GAMek bakearen akordiorako oinarri bat hitzartu zuten uztailean, eta bake ituna abuztuan, Helsinkin (Finlandia).
2006. Acehen gobernurako legea onartu zuen Indonesiako Parlamentuak.