Turkiak Hego Kurdistanera eliteko tropak, helikopteroak eta tankeak eraman, eta erasoaldi handia abiatu du. Eta biharamunean atentatua egin dute gerrillari kurduek Istanbulen. Halkali barrutian dauden etxebizitza militar batzuen parean izan zen erasoa, militarrak eta euren senideak lanera eta eskolara eramaten zituzten autobusen kontra. Errepide bazter batean zegoen lehergailu bat zartarazi zuten urrunetik gerrillari kurduek, eta hirugarren autobusa bete-betean harrapatu zuen bonbak. Orotara bost militar, hiru sarjentu tartean, eta beste baten alaba gaztea hil ziren atentatuan. Beste hamalau lagun zauritu ziren. TAK Kurdistango Askatasunaren Belatzek hartu dute bere gain erasoa. PKKren adar bat da erakunde armatu hori, eta, webgune baten bidez aditzera eman duenez, «kurduen kontrako gerra bidegabea» mendekatzeko erasoa izan da: «Turkiak herri kurdua sarraskitzeko asmoa baitu». Husein Avni Mutu Istanbulgo gobernadorearen iritziz, berriz, «zatiketa, tentsioa eta etsipena» eragiteko zen erasoa.
Gerra deklarazioa
Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak bezperan egindako adierazpenei erreparatuta, baina, gerrillari kurduak ez daudela oso oker ondoriozta daiteke. PKK-ko «terroristak euren odoletan» itoko direla eta gerrilla «bere iluntasunean» desagertuko dela uste du Erdoganek: «Gure borrokak aurrera egingo du erakunde terrorista hori deuseztatu artean». PKK-ren eraso batean hildako soldaduen aldeko hiletaren ostean egin zituen adierazpenok lehen ministroak; hain zuzen ere, presidenteak gerrillaren kontrako estrategia aztertzen ari zen une berean. Abdula Gulek Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren premiazko bilera egin zuen herenegun. Turkiak AEBen informazio militarra jasotzen du gerrillarien mugimendua antzemateko, eta erasoak egiteko piloturik gabeko hegazkinak baliatzen hasi dela aitortu du.
Turkiako Gobernuak aspaldian deklaratu zion gerra PKKri, eta bide horretan jarraitzen du. Asteburuan ere hildako ugari izan dira. PKK-k hamabi eta 37 soldadu artean hil zituen, eta armadak, berriz, hemeretzi ekintzaile. Diyarbakir eskualdean ere bi polizia etxeri eraso zioten herenegun gauean ekintzaileek, eta soldadu bat hil zuten. Armadak, berriz, bi herrixka bonbardatu ditu bi egunean eta gutxienez 35 zibil kurdu hil ditu.
Turkiak 2008an ekin zion erasoak egiteari Hego Kurdistani, eta bi urtean bonbardaketa ugari egin ditu kurduen kontra. Gobernuak handik urtebetera, iazko azaroan, abiatutako ekimena, berriz, ezerezean gelditu da; egunotako indarkeriak agerian utzi du bide horrek porrot egin duela.
Negoziazioak, etenda
Elkarrizketarako itxaropen guztiak amaitu direla jakinarazi du PKK-k ere. «Turkiak gerrara bideratu nahi zuen auzia bakeari heldu gabe». Ahmed Denis PKK-ko bozeramaileak su-etena hautsiko zutela jakinarazi zuenean esandako hitzak dira. Abdula Ocalan buruzagiak berak duela hilabete adierazi zuen elkarrizketarako itxaropena bazterrean utzi duela. DTP Gizarte Demokratikoaren Alderdiak Legebiltzarrerako bozetan 21 eserleku eskuratu eta bi urtera bideratu zuen ekimen hori lehen minis-troak, baina agindutako neurriak ez dira inoiz gauzatu, ekimen hura keinu sinboliko bat baino ez zela izan agerian geldituta. Negoziazioak, beraz, etenda daude. Eta auzi kurdua ez dela indarkeria bidez konponduko adierazi du BDP Demokrazia eta Bakearen Alderdiko Sebahat Tuncelek -DTP iaz legez kanpo utzi ondoren eratu zen BDP-: «Herri horren eskubideak onartu artean ez da irtenbide baketsurik izango» .
PKK-k 1984an ekin zion borroka armatuari, eta 40.000 lagun hil dira honezkero; Turkiaren menpe bizi diren hamabi milioi kurduentzat autonomia aldarrikatzen du. Eta euren eskubideak eta identitatea errespetatzeko. Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak erakunde terroristen zerrendan du gerrilla. Estaturik gabeko nazio handiena da kurdua.
Soldaduak gerrara trebatu gabe bidaltzea leporatu diote Turkiari
Hildako soldaduen amek kurduen kontrako gerra politika bertan behera uzteko eskatu diote GobernuariK. B.
Mutlu Saidam soldadua asteburuan hil zen, gerrillari kurduen eraso batean, Hakkarin. Husnucemal Saidam haren amak hileta militarrak egiteari uko egin dio. Semeak hamabost eguneko trebakuntza baino ez zuela jaso eta armadan sartu eta 59 egunera hil dutela jakinarazi du: «'Gure aberriari bizi luzea' esateak ez du balio seme gaztea galdu duen ama batentzat; nik bizirik bidali nuen semea, eta orain zerraldo batean jaso dut etxean». Saidam oso kritiko agertu da armadarekin eta Gobernuarekin: «Zergatik ez dira hiltzen ari komandante, ministro eta aberatsen semeak? Martiri guztiak familia kurduen seme gazteak dira, arriskuan jartzen ari gara gure semeak. Nire semea gazteegia zen eta sekula ez zuen armarik ikusi». Gerra politika bera ere kritikatu du Saidamek: «Gerratik etekina ateratzen duten horiek ez dute nahi guk bakean eta elkarrekin bizi gaitezen. Nik ez dut nahi behartuta sentitu 'pozik naiz turkiarra naizelako' esatera. Gerra hau lehenbailehen amaitzeko deia egiten diet militarrei eta agintariei, heriotza gehiago izan ez dadin».
Turkiaren kontrako ahots kritikoak zabalagoak dira. Kurduen kontrako gerra bertan behera uzteko eskatu diote Bake Ekimenaren Amek ere. Hava Kiran erakundeko kideak ohartarazi duenez, egunero gerran hildako soldaduen gorpuak jasotzen dituzte: «Aski dela uste dugu, gerra hau amaitu behar da». Bakerako Kontzientzia Eragozleen Bakerako Plataformak ere berretsi egin du azkenaldian soldadu ugarihiltzen ari direla «egoera susmagarrian». Hilketa horiek argitze aldera justiziara jotzea aztertzen ari da erakundea, eta aurrerantzean elkarrekin egingo dute soldaduen sendiekin. Ersin Sedefoglu plataformako eledunaren arabera, azken lau hilabeteotan 28 soldadu hil dira argitu gabeko egoeretan: «Estatua gero eta gehiago baliatzen ari da indarkeria auzi kurduari aurre egiteko, eta horregatik gertatu dira hilketa hauek. Odola eta negarra baino ez da eragiten ari gerra hau, eta bada garai bertan behera uzteko».