Auzi nuklearraz eztabaidatzeko bildu dira NATOko kideak Estonian

Rasmussenek dio Europak beharrezkoak dituela Ameriketako Estatu Batuetako arma atomikoak

Erredakzioa
2010eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Mehatxu nuklearra izan daitezkeen talde terroristak existitzen diren bitartean, ahalmen nuklearra izan behar dugu». Anders Fogh Rasmussen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia argi azaldu da arma atomikoen alde; are gehiago, Europak AEB Ameriketako Estatu Batuetako arma nuklearrak beharrezkoak dituela defendatu du. Aliantza Atlantikoak defentsa nuklearrean izan beharreko estrategiaren inguruan eztabaidatzeko bildu dira, hain zuzen, atzerri ministroak Tallinnen (Estonia). Han egin ditu adierazpen horiek NATOko idazkari nagusiak, eta gaineratu du kide diren herrialdeek misilen aurkako sistema komun bat osatu beharko luketela.

Joan den urtarrilean erakundeko partaide diren bost herrialdeek -Alemaniak, Herbehereek, Belgikak, Luxenburgok eta Norvegiak- egindako eskaerari erantzunez egin dute batzarra, eta lehen aldia da horren inguruan mintzatzen direla. Izan ere, NATOk AEBetako eta Erresuma Batuko arma atomikoak ditu, baita Frantziak ere. Harenak, ordea, ez daude Aliantza Atlantikoko egitura militarrean barneratuta.

Errusiarekin izan beharreko harremanaz, NATOko etorkizuneko estrategiaz eta Bosnia eta Herzegovinarekin izan beharreko elkarrizketez ere arituko dira batzarrean, besteak beste. Atzo hasi eta gaur bitarte, zehazki, datorren azaroan Lisboan (Portugal) estatuburu eta gobernuburuek egin beharreko goi bilera prestatzea izango dute xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.