Txileko estatu kolpea

Auzitara eraman ezinik

Pinocheten diktaduraren jazarraldia pairatu eta bizirik atera zirenak zain daude, justizia inoiz egingo ote den; ez daude jasandakoa ahanzteko prest.

2013ko irailaren 8a
12:49
Entzun

Augusto Pinochetek zuzentzen zuen gobernuak galdeketa antolatu zuen 1988an, diktaduraren jarraipenaren inguruan erabakitzeko. Izan ere, 1980an onartutako Konstituzioaren arabera, militarrek proposaturiko hautagaiak herritarren oniritzia jaso behar zuen zortzi urte geroago egitekoa zen galdeketa batean.

Unea iritsi zenean, Pinochet izan zen militarrek proposaturiko hautagai bakarra hurrengo zortzi urtean presidente izateko, baina, militarren harridurarako, ezezko botoak gailendu ziren, %56arekin.

Hori izan zen diktaduraren amaieraren hasiera, hurrengo urtean hauteskunde libreak antolatu baitzituzten. Baina demokraziak ez zuen berehalakoan justiziarik ekarri. Galdeketa aurreikusten zuen Konstituzio berak zehazten zuen Pinochetek, galtzekotan, armadaren buru nagusi izaten jarraituko zuela zortzi urtez. 1978an onartutako Amnistia Legeak bermatzen zuen diktaduraren garairik gogorrenean gertaturiko giza eskubideen urraketak zigorrik gabe geldituko zirela. Gainera, 1998an bizitza osorako senatari izendatu zuten, eta horrek immunitatea ziurtatzen zion.

Lehenengo arrakalak

Bazirudien dena lotuta zegoela, eta inork ezingo ziela Pinocheti eta horren menpekoei egindakoaren erantzukizunik eskatu. Baina militarrek eraikitako babesean lehenengo arrakalak agertu ziren. 1992an, Txileko Auzitegi Gorenak erabaki zuen desagerrarazien auziak "bahiketa iraunkortzat" jo behar zirela eta, hortaz, ez zirela Amnistia Legearen barruan sartzen. Erabaki horren ondorioz iritsi ziren DINA polizia sekretuaren arduradunen kontrako lehenengo epaiketak, eta epaiketekin batera, lehenengo zigorrak.

1998an, Londresera (Erresuma Batua) joan zen Pinochet ebakuntza egitera, horrelako bidaia egitea arriskutsua izan zitekeela zioten ahotsei entzungor. Han atxilotu zuten, Baltasar Garzon epaile espainiarraren eskaerari erantzunez. Interes politiko eta diplomatikoek baldintzaturiko auzibide korapilatsua hasi zen horrela.

Azkenik, osasun arrazoiak zirela medio, eta 503 egunez etxean atxilotuta eduki ondoren, Pinochet askatu eta Txilera bidali zuten 2000 martxoan. Ustez oso gaixo eta mugitu ezinik zegoen eria Pudahueleko aireportura (Txile) iritsi eta, irribarrea aurpegian, gurpildun aulkitik altxatzen ikusteak jende asko lotsatu eta sumindu zuen mundu osoan.

Geroztik, hainbat auzi ireki zizkioten Txilen: Heriotzaren karabana -ri loturiko auzia, Kondor operazioa, Colombo operazioa, Villa Grimaldi etxean gertaturiko tortura eta hilketak argitu nahi zituena eta abar. Immunitatea kendu zioten, eta 2001, 2005 eta 2006an etxean atxiloturik eduki zuten, baina kasu guztietan emaitza berdintsua izan zen: auziak itxi egin zituzten Pinocheten osasun arazoak argudiatuta, edo libre gelditzen zen diru bermea ordaindu ondoren.

Dagoeneko ez du leporatzen dizkioten krimenen inguruko azalpenik eman beharko, Augusto Pinochet Ugarte 2006ko abenduaren 10ean hil baitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.