Katalunia

Auzitegi Gorenak Francesc Homs ikertuko du A-9ko kontsultaren harira

Presidentetzarako kontseilari ohiak desobedientzia eta prebarikazioa egin eta funtsak bidegabeki erabili zituen ikertuko du Espainiako auzitegiak.

Francesc Homs, Presidentetzarako kontseilari ohia, artxiboko irudi batean. TONI ALBIR / EFE
2016ko maiatzaren 19a
08:01
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Auzitegiak bere egin du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpidea: Francesc Homsen kontrako auzibidea zabaltzeko eskatu zuen fiskalak, 2014ko azaroaren 9ko kontsultaren harira izan zuen parte hartzeagatik. Artur Mas Generalitateko presidente ohia, Irene Rigau eta Joana Ortega kontseilari ohia ere inputatuta daude auzi berarengatik Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian. Homsenak Gorenera egin du, ordea, foruduna delako, diputatu Espainiako Legebiltzarrean. Gainerako ikerketak Katalunian jarraituko du.

Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Auzitegiak uste du 2014ko kontsultan izan zuen parte hartzean nahikoa zantzu daudela ikerketa zabaltzeko. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalak leporatzen die desobedientzia, prebarikazioa eta funts publikoak bidegabeki erabiltzea. Iazko urtarrilean, ordea, Kataluniako auzitegiak baztertu egin zuen Homs ere inputatzeko eskaera —Manos Limpias eskuin muturreko erakundeak eskatu zuen—. Fiskalak otsailean eskatu zion epaileari Homs ikertzeko, delitu bat egin duela erakutsiko lukeen froga bat argitaratu dela iritzita —Homsek informatika kontrata bati eskatu zion A-9rako zerbitzua antolatzen bere hartan jarraitzeko, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurkako ebazpen baten ondoren—.

Homsek martxoaren 8an deklaratu zuen Gorenean, bere kabuz joanda, bere hitzetan azaltzeko independentziari buruzko kontsultaren antolaketan izan zuen parte hartzea. Homs Presidentetzako kontseilaria zen orduan, baina uste du orain daukan karguarengatik jarri duela jopuntuan Espainiako Fiskaltzak. DiL Democracia i Llibertat taldearen bozeramailea da Espainiako Kongresuan, eta, Homsen ustez, fiskaltzak “arrazoi politikoengatik” eskatu dio epaileari ikerketa hasteko, DiL “erabakigarria” izan daitekeelako Espainian PPrik gabeko gobernu bat osatzeko. Homsek berak aitortu du parte hartu zuela A-9aren antolaketan, baina, fiskaltzaren ustez, arrazoi horregatik delitua egin zuen.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.