Pakistango Auzitegi Gorenak legezkotzat jo du Pervez Musharraf jarduneko presidenteak iragan azaroaren 3an indarrean jarri zuen salbuespen egoera. Salbuespenezko neurriak ezartzeagatik etorkizunean leporatu ahal zaizkion salaketak ekiditeko asmoz, herrialdeko Konstituzioa erreformatu zuen Musharrafek berak asteartean. Ordu gutxiren buruan, Pakistango egoera kontrolpean izateko asmoz hartutako erabakia izan zela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak. Ohiz kanpoko neurriak ezartzearekin bat, jarduneko presidenteak bere politikarekiko kritikoak ziren magistratuak egotzi zituen auzitegitik hil honen hasieran. Musharrafen aldekoek osatutako epaimahaiak emandako sententziak ez du inor ustekabean harrapatu, horregatik.
Halako neurriak presidenteak baino ezin dituela ezarri argudiatuz, bi helegite tarteratu zituen oposizioak Auzitegi Gorenean. Musharrafek, presidente kargua ofizialki ez zuela oraindik hartu, eta beraz, berak ezarritako salbuespen egoera legearen aurka zihoala salatu zuten horiek. Abdul Hammed Dogar presidente zuen epaimahaiak, ordea, muturreko eta berehalako erantzuna behar duten egoeretan legez kanpoko ekintza bat legezkoa bihurtzen dela adierazi du. Bai behintzat Estatu eta gizartea jokoan dagoen kasuetan.
COMMONWEALTHEN ESEKITZEA. Commonwealthek Pakistan eski izana «zentzugabea eta justifikaziorik gabea» dela salatu du Islamabadek. Herenegun gaueanErresuma Batua eta bere kolonia ohiak biltzen dituen Commonwealth batasunak Pakistanen esekitzea erabaki zuen salbuespen egoera bertan behera utzi eta zuzenbidezko estatua berrezartzen ez duen bitartean. Batasunak «demokraziara itzultzeko» egindako eskaerari erantzun dio Atzerri Ministerioak, erabakiak herrialdeak bizi duen egoera objektiboak ez duela kontutan hartzen salatuz: «Errealistak ez diren atzerriko eskarietan baino, Pakistango benetako legezko egoeretan oinarrituko da normaltasunerako garapena».
Bigarren aldia da Commonwealthek Pakistan esekitzen duena. 1999an Musharrafek estatu kolpez agintea hartu zuenean ere bertan behera utzi zituzten herrialdearekiko harremanak.
Auzitegi Gorenak legezkotzat jo du Pakistango salbuespen egoera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu