Magistratuen ustez, erabaki horrek Espainiako Estatuarenak diren eskumenak urratu zituen; hala argudiatu zuen PPren Espainiako Senatuko taldeak helegitea aurkeztu zuenean. Zortzi magistratuk egin dute debekua kentzearen alde, eta hiruk aurka.
Auzitegiaren arabera, animalien babeserako eta ikuskizunak arautzeko dauzkan eskumenetatik harago joan zen Kataluniako Generalitatea; zehazki, argudiatu du gobernuak ikuskizun publikoak arau ditzakeela, baita animaliak ikuskizun zehatz batean babestu ere, baina ezin duela "kultur ondarea den festa bat debekatu". Hala izendatu zituen Espainiako Gobernuak zezenketak.
Madrilek 2013an eta 2015ean eman zituen zezenketak babesteko arauak; Kataluniaren debekua baino geroago, beraz. Hala ere, Konstituzionalak uste du Espainiako Gobernuaren neurriek atzeraeragina dutela, ez baita helegiterik aurkeztu horien aurka.
Datozen egunetan argitaratuko du ebazpena auzitegiak, eta kontra bozkatu duten hiru magistratuek boto partikularra plazaratuko dute.