Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du baztertzen oraingoz atzo goizaldean Cornella herrian (Bartzelona, Herrialde Katalanak) Mossoen polizia etxean izan zen erasoa terrorismo gisara hartzea, baina Fiskaltzako iturriek jakinarazi dutenez erasotzailearen zioa pertsonala zen, ez erlijiozkoa. Gaineratu du zio pertsonal hori erlijiotik bideratu zuela Abdeluahab Taibek, baina erlijioa ez zela izan erasoaren jatorria.
Atzo goizaldean Cornellako Mossoen polizia etxean labana bat eskuan hartuta sartzen zen Taib, eta polizia batek tiroz hil zuen. Kataluniako Poliziak eraso terroristatzat hartu zuen. Fiskaltzak dio ikerketa abiatu besterik ez dela egin, eta oraindik ezin dela behin betiko ondoriorik atera.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak orain arte jakin duenaren arabera, "gatazka pertsonal larri bat" zuen Taibek. Duela bi hilabete berak eta emazteak banatzea erabaki zuten, eta emakumeak esan du homosexuala zela eta onartua ez izateko beldurra zuela. Horrek, emazte ohiaren arabera, islamerako joera eragin zion. Fiskaltzaren arabera, erospena bilatu zuen. Edozein kasutan, garbi utzi du bere etxean ez dutela aurkitu islamismoarekin lotzen duen ezer.
Taiben sendia Kataluniako Polizia salatzea aztertzen ari da, gizona hil zuen poliziaren jokabidea neurrikoa izan ote zen aztertu dadin. Davic Martinez abokatuak esan du datozen egunetan hartuko dutela erabakia. Taibek labana bat zuen eskuan poliziak lau tiro egin zizkionean; hiruk jo zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak esan du mossoaren erantzuna aztertzea ez dagokiola berari. Cornellako epaitegiko goardiako epailearen ardura da.