Kanporatze aginduak behin-behineko babesa duten migratzaileei eragingo die, zehazki. Izan ere, Etxe Zuriaren arabera, haien jatorrizko herrialdeak «seguruak» dira dagoeneko, eta, beraz, ez dago arrazoirik AEBetan jarraitzeko. Migratzaile horietako askok hamar urte baino gehiago daramatzate herrialdean, eta euren seme-alabek AEBetako herritartasuna dute dagoeneko.
El Salvador, Haiti, Nikaragua, Sudan, Honduras eta Nepaldik ihesi joandako 300.000 migratzaileri eta AEBetako herritartasuna duten 200.000 adingaberi eragiten die erabakiak. Epaiaren arabera, AEBetan geratu nahi badute, beste eskari bat egin beharko dute, eta martxora arteko epea dute horretarako —datorren urteko azarora artekoa, El Salvadorkoen kasuan—.
Consuelo M. Callahan epaile kontserbadoreak argudiatu duenez, Segurtasun Nazionaleko Departamentuak dauka eskumena erabakitzeko zein herrialdetako iheslariek jaso dezaketen babesa, eta auzitegiek ezin dituzte halako erabakiak auzitan jarri.
Askatasun Zibilen Amerikako Elkarteak jarri zuen salaketa Donald Trump presidentearen erabakiaren aurka, argudiatuz «presidenteak zuriak ez direnen aurka duen diskurtsoak» baldintzatu zuela babesa kentzeko erabakia. Auzitegien epaiaren ostean, elkarteak iragarri du Gorenera joko duela.