Hiru urte pasatxo egin dituzte El Salvadorreko Auzitegi Goreneko epaileek kasua aztertzen, eta auzia artxibatu egingo zuten zurrumurrua zabaltzen hasia zenean, heldu da erabakia: Konstituzioaren kontrakoa da 1993an Kongresuak onartutako Amnistia Legea, ez duelako errespetatzen kalte ordainak jasotzeko eskubidea. Horretaz gain, epaileek salatu dute estatuak giza eskubideen urraketak "ikertu, epaitu eta zigortu" behar dituela, eta Amnistia Legeak ezinezko egiten duela hori.
Era horretan, epaiak bidea zabaldu dio justiziari 1980 eta 1992 bitartean izandako gerra zibilean egindako gerra krimenak ikertzeko. Zabaldu ahalko diren auzi guztien artean bat da 1989an izandako sarraskia. Azaroaren 16 hartan, Atlacalt batailoiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten —tartean Ignacio Ellakuria—.
Hain zuzen, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu dio El Salvadorri 17 militar atxilotu eta estraditatzeko, hilketa horiekin zerikusia dutelakoan. Auzipetuen artean daude El Salvadorko koronel ohi Inocente Orlando Montano eta Defentsa ministro ohi Rafael Humberto. Berez, Gorenaren ebazpenak erraztu egin beharko luke auzia berriz zabaltzea, baina horrek ez du esan nahi ustezko erantzuleak estraditatuko dituztenik. Izan ere, Justizia Auzitegi Gorenaren esku dago azken erabakia, eta oraingoz, epaitegia osatzen duten 15 epaileetatik gehienak estradizioaren aurka daude.
Egiaren Batzordea
Gorenak kaleratutako ebazpenean, epaileek ontzat ematen dute Egiaren Batzordeak plazaratutako txostena. Dokumentuan aipatzen dira oraindik preskribatu ez diren hainbat kasu, besteak beste, jesuiten hilketa 1989an, epaiz kanpoko hilketak 1980 eta 1989, armadak egindako nekazarien sarraskiak 1981 eta 1982 artean eta heriotzaren eskuadroien hilketak 1980 eta 1981 artean.
Bestalde, txostenean jasotzen diren 22.000 delituetatik %85 "Estatuko agenteei" haiei lotutako paramilitarrei eta heriotzaren eskuadroiei egozten dizkiete lekukoek.