Espero zena bete da Madrilen. PPko zerrendaburu Isabel Diaz Ayusok lortu du garaipena, eta Voxen aldeko botoa edo abstentzioa nahikoa izango du presidente karguan jarraitzeko. Parte hartzearen gorakada zen ezkerreko blokeak inkestek aurreratutakoa iraultzeko modu bakarra, baina, inoizko handiena izan den arren, ez da halakorik gertatu.
«Askatasuna nagusitu da», adierazi du Ayusok bart. Izan ere, botoen %97,1 zenbatuta, PPk horien %44,6 eskuratu ditu, eta 65 eserleku izango ditu Madrilgo Biltzarrean; orain arte baino 35 gehiago. Gauzak hala, Voxek eskuratutako hamahiru eserlekuak nahikoa dira eskuineko blokeak gehiengo osoa bereganatzeko. Hala, orain arte baino hamar eserleku gehiago izango dituzte —lau gehiago egongo dira orain biltzarrean, 136—, Ciudadanos kanpoan geratu den arren.
Eskuinaren emaitzek «kapitulu berri bat irekiko dute Espainiako historian», Ayusoren arabera. Hala, «zerotik hasi beharra» azpimarratu du, besteak beste, zergak «lehenbailehen» jaisteko. Horrez gain, bat egin du Voxeko hautagai Rocio Monasteriorekin, emaitza Espainiako Gobernuarentzat kolpe bat dela adieraztean: «Sanchismoaren aurkako zentsura mozio bat izan da».
Ezkerrean, berriz, Madrilen inoiz izandako emaitzarik txarrenak izan ditu PSOEk. 24 eserleku izango dituzte sozialistek, azken bozetan baino hamahiru gutxiago. Horien ordez, gora egin dutenak Mas Madrid eta Unidas Podemos izan dira. Monica Garcia zerrendaburuaren alderdiak beste 24 eserleku izango ditu —lau gehiago—, PSOE botoetan aurreratu eta gero. Unidas Podemosek, berriz, aise lortu du bere helburua betetzea, biltzarrean sartzeko beharrezko botoen %5a eskuratzea. Pablo Iglesias Espainiako presidenteorde ohiaren alderdiak botoen %7,2 eskuratu ditu, eta hamar legebiltzarkide izango ditu. Horietako bat ez da, baina, Iglesias bera izango. Emaitzen berri izan laster, «kargu guztiak» utziko dituela azaldu du, «demokraziaren aurkako elementuak» mugiarazten dituela argudiatuta. Izan ere, ezkerreko alderdien baturak orain arte baino bost eserleku gutxiago izango ditu, botoen ehunekoan nabarmen behera eginda: %41,1 eskuratu ditu; duela bi urte, berriz, %47,6.
Egunean zehar ilara luzeak izan dira erkidegoko hautesleku askotan, COVID-19aren pandemiaren eraginez ezarritako segurtasun neurrien eta lanegunez bozkatu beharraren ondorioz. Gauzak hala, ilarak parte hartze handiago baten erakusle ote ziren ez zen argitu lehen datuak iritsi arte. Madrilgo Hauteskunde Batzordearen arabera, zortzietarako herritarren %76,2k eman zuten botoa; duela bi urte baino ia 11 puntu gehiago. Inoizko parte hartze handiena izan da, gainera, 1995eko %70,4aren gainetik.
Gorakada, ordea, ez da nabarmendu bloke baten edo bestearen gotorleku deritzonetan. %14tik gorako igoerak antzeman dituzte, besteak beste, Alarconen eta Mostolesen —PSOEk irabazi ohi du—, baina baita Pozuelo de Alarconen ere —Espainiako hiri aberatsenetako bat; PPk irabazi ohi du—. Madril hiriburuan ere antzekoak dira datuak, gorakada apalagoa izan den arren —%9 ingurukoa—. Han, ezkerraren alde egin ohi duten hegoaldeko barrutietan parte hartzea gehiago hazi den arren, azken bozetan bezala, handiagoa izan da PPren alde egin ohi duten eremuetan: Moncloa, Salamanca, Retiro eta Chamberi auzoetan, besteak beste.
Eskuinaren esku
«Madrilgo bozek Espainiako politika aldatuko dute», adierazi du Rocio Monasterio Voxeko zerrendaburuak. Ez dago errealitatetik urrun. Izan ere, Madrilgo hauteskundeek inoiz baino oihartzun gehiago izan dute estatuko panorama politikoan. Horren arduradun nagusia Ayuso izan da, eta bere burua Espainiako Gobernu «sozialkomunistaren» eta haren pandemiaren kudeaketaren oposizio gisa aurkeztu izana. Horri Iglesiasen hautagaitza, eta Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta Voxeko buru Santiago Abascalek euren alderdien kanpainan izan duten protagonismoa gehitu behar zaizkio.
Gauzak hala, Madrilgo Gobernuak hartzen duen itxurak eragina izango du eskuinak PSOEren eta UPren arteko koalizio gobernuari aurre egiteko moduan. PPko buru Pablo Casado Voxetik urruntzen saiatu da azken hilabeteetan, baina eskuin muturreko alderdia Madrilgo PPren aliatu bakarra bilakatzeak harreman hori moldarazi dezake.
Izan ere, eskuineko blokeak hirugarren hanka galdu du Madrilen, Ciudadanos, eta gauza bera gerta dakioke herrialde osoan zehar. Edmundo Balen hautagaitza ez da gai izan inkestei buelta eman eta biltzarrean sartzeko beharrezkoa den botoen %5a eskuratzeko. Hainbat inkesten arabera, gainera, Espainia mailan ematen ari den beherakadaren lehen sintoma da. PPren lehen eginbeharra, beraz, Vox erkidegoko gobernuan nahi duen erabakitzea izango da.
Ayusok behin eta berriz adierazi du eskuin muturrarekin koalizioan agintzea ez litzatekeela «munduaren amaiera izango». Halere, gehiengo osoa bakarrik lortzetik gertu egoteak Voxek izan dezakeen indarra mugatu dezake, PPren mesedetan. Alderdiko buru Pablo Casado ez baita koalizio gobernuaren aldekoa.
Bi urte eskas iraungo dituen gobernua izango da datozen egun edo asteetan osatuko dena. Izan ere, Madrilgo Autonomia Estatutuaren arabera, bozak eten den legealdiari amaiera emango liokeen datetan egin behar dira, hau da, 2023ko maiatzean.