Azawaden nazioarteko esku hartze militarra prestatzeko, 45 egun eman ditu NBEk

Mali iparreko eskualdearen independentzia aldarrikatu zuten tuaregek apirilean, baina milizia islamikoek agintetik kendu zituztenMilitarrak trebatu eta hornitzeko, laguntza eskatu dio NBEri Segurtasun Kontseiluak

Samara Velte.
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak Mali iparraldeko Azawad lurraldean esku hartze militarra prestatzeko eskatu die ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Komunitateari eta AB Afrikako Batasunari; 45 eguneko epea eman die plan bat aurkezteko. Horrekin, ECOWASek Azawaden sartzeko falta zitzaion baimena lortu du, hilabeteak baitzeramatzan erakunde horrek tropak hara bidali nahian. Bamakon, Maliko hiriburuan, manifestazio jendetsua ere egin zuten atzo, nazioarteko tropen esku hartzea eskatzeko.

Maliko iparraldean, 850.000 kilometroko hedadura duen lurraldea da Azawad; nagusiki tuaregak bizi dira bertan. Apirilean, Azawaden independentzia aldarrikatu zuen MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduak, une hartan estatuko egoera politikoan zegoen nahasmena baliatuz; izan ere, hilabete lehenago, militar talde batek Amadou Toumani Toure presidente ohiaren aurkako estatu kolpea jo zuen, Maliko Gobernuak MNLAren aurka nahikoa egiten ez zuelakoan. Gainera, Libian, Muammar Gaddafiren gobernua erori berri zen, eta hango gerrak ere izan zuen eraginik; tuaregek armak handik lortu zituztela salatu izan dute nazioarteko ordezkariek.

Militarrak boterean eta artean trantsizioko gobernurik ez zegoela, de facto-ko estatu independente gisa funtzionatzen hasi zen Azawad, MNLAren agindupean. Gerora, ordea, bi milizia islamistak kendu zioten lekua: MUJAO Afrika Mendebaldeko Batasun eta Jihaderako Mugimenduaren Erakundeak eta Ansar Dine taldeak. Bien artean, estatu islamikoaren sorrera aldarrikatu zuten han, MNLAk laikotzat joa zeukan eskualdean. Ordutik, bi talde horiek daude indarrean.

Mendebaldeak eta inguruko zenbait herrialdek mehatxutzat dute hori; Mali iparraldean «talde armatuak, terroristak eta kriminalak» daudela aditzera eman izan du ABk, miliziek Al-Qaedarekin harremana dutela argudiatuz. ABk hasieratik erakutsi izan du lurralde hori indarrez Maliko Gobernuaren menpe jartzeko asmoa, eta abuztuan horretarako laguntza eskatu zion NBEri. Frantziak eta AEBek berehala eman zuten baiezkoa, eta ECOWAS ere prest agertu zen Maliko armadari laguntzeko.

Azkenean, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak eta Dioncounda Traore Maliko behin behineko presidenteak ere eskatu diote Segurtasun Kontseiluari Azawaden militarki sartzeko, eta hark men egin die: kontseilua osatzen duten hamabost kideek aho batez eskatu dute plan estrategiko militar bat. Azawaden «muturreko islamistak» egoteak inguruko herrietan «sare terroristak zabaltzea» ekar dezakeela erabili dute argudio gisa. Militarrak trebatzeko eta hornitzeko laguntza ere eskatu dio kontseiluak NBEri.

Urrea, petrolioa eta gasa

Malik 1960an Frantziatik independentzia lortu zuenetik, haren menpe dago Azawad; hain justu, estatuaren bi heren hartzen ditu tuaregen lurralde idorrak. Niger eta Mauritaniaren menpeko eskualde batzuk ere badira haren parte, baina horiek ez dituzte oraindik miliziek aldarrikatu. Maliren menpeko zatian, 1,5 milioi pertsona inguru bizi dira; gehiena desertua da. 1960ra arte, Frantzia zen hango petrolio, gas eta uranio hobietatik gehien edaten zuen estatua; ordutik, aski gutiziatuak izan dira nazioartean. Halaber, Hegoafrikaren eta Ghanaren atzetik, Mali da Afrikako urre ekoizle handiena. Kolpe militarraz geroztik, eta miliziek Azwaden agintzen dutenetik, 400.000 pertsonak baino gehiagok egin dute ihes inguruko herrialdeetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.