Mundua

Azerbaijanek dio utzi egin diela Karabakhko erasoei

Armeniaren eta arteko gerra amaitu zenetik borrokarik gogorrenak izan ziren atzo Karabakh Garaian.

Adrian Garcia.
2016ko apirilaren 3a
15:53
Entzun

Gatazka izoztua deitu izan zaio Karabakh Garaikoari, 1994ko maiatzean su-etena ezarri zutenetik mugaldeko liskar bakan batzuk salbu auziak ez duelako ez atzera ez aurrera egin. Baina gerra amaitu zenetik liskarrik gogorrenak izan dituzte, eta dozena bat lagun hil dituzte, zibilak barne. Aurreko liskarren antzera, bi aldeek bertsio kontrajarriak plazaratu dituzte, eta batak besteari egotzi dio errua. Armeniaren arabera, Azerbaijango armada «defentsa lerroak hausten» saiatu da. «Su-etenetik lehen aldiz etsaiak mota guztietako armak erabili ditu: abiazioa, artilleria astuna eta misilak», salatu du Albert Andrian Karabakh Garaiko errepublikako bozeramaileak. Bakuk, ordea, adierazi du Armeniak mugaldeko herrixkei eraso egin ondotik abiatu duela erasoa. Errusiak egiten ditu bitartekari lanak negoziazioetan, eta Vladimir Putin presidenteak bi aldeei borrokak eteteko deia egin die. Azerbaijangek gaur jakinarazi du eraso egiteari uztea erabaki duela.

Azerbaijango lurretan dagoen enklabea da Karabakh Garaia, baina gehiengoak armeniarrak dira, eta de facto errepublika independentea da 1994. urtetik, Armeniaren gertuko aliatua. Ordutik noizbehinkakoak izan dira liskarrak eta hildakoak, baina ez atzo goizekoak bezain bortitzak. Bi aldeek baieztatu dutenez, liskarrak ez dira eten.

Azerbaijango armadak onartu du armeniarrek hamabi soldadu hil dizkietela, eta helikoptero bat eraitsi dietela. Haatik, Bakuren gerra txostenaren arabera, Karabakh Garaiko Seisulan herrixka eta bi muino «estrategiko» bereganatu dituzte, eta ehun soldadu baino gehiago hil, eta sei tanke, hamabost artilleria pieza eta hainbat gotorleku suntsitu dituzte.

Erevanek, ordea, desinformaziotzat jo du bertsio hori, nahiz eta hemezortzi soldadu hil direla onartu. «Armeniako indarrek osotasunean kontrolatzen dute egoera», adierazi du Ovik Abraamian Armeniako lehen ministroak. Karabakh Garaiko iturri ofizialek jakinarazi dutenez, erasoari erantzun eta «etsaiari galera handiak» eragin dizkiete, tankeak, droneak eta helikopteroak suntsituta. Bakuk gezurtatu egin du Erevanen bertsioa.

Borrokak direla eta, mugaldeko herrixkak hustu ditu Kara-bakheko Gobernuak, eta barnealdera eta Stepanakertera —hiriburura— lekualdatu ditu herritarrak. Azerbaijanek jaurtitako Grad motako misil batek eskola bat jo eta bi haur hil dituela salatu du gobernuak, halaber.

Beste gerra ireki bat piztea saihesteko, Minsk Taldeak presazko bilkura batera deitu du etziko, egoera aztertu eta konponbide politikoa indartzeko. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak sortu zuen talde hori, 1994ko su-etena ikuskatzeko, eta Frantziak, Errusiak eta AEBek osatzen dute. «Konponbideak negoziazio bidez etorri beharko du; gerra ez da aukera bat», adierazi du taldeak ohar batean.

Kaukason eragina duten potentziak haien interesen arabera lerratu dira gatazkan. Errusiak bitartekari lanak egin arren, Armeniaren alde egin du, nahiz eta Moskuren jokabidea kontraesanezkoa izan den askotan, bi aldeei saldu izan baitizkie armak. Edonola ere, Errusiak base militarra du Armenian, eta SKIE Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko kide da Erevan. Turkia da Azerbaijanen aliatua, eta Errusiaren lehiakidea inguruko interes gatazketan.

Serge Sargsian Armeniako presidentea eta Ilham Aliev Azerbaijangoa Washingtonen segurtasun nuklearrari buruzko bilkuran zeudela piztu dira borrokak. Sargsianek Bakuri leporatu dio «indarkeriaren bidea» hartu nahi izatea. Azerbaijango Gobernuak, aldiz, Armenia du erantzuletzat. «Armenia da estatu okupatzailea eta erasotzailea, eta harena da erantzukizun osoa».

1988. urtean piztu zen bi herrien arteko gatazka etnikoa Karabakh Garaian, Armeniako Errepublika Sobietarrera batzea eskatu zutenean bertako armeniarrek. Galdeketa bidez Azerbaijandik bereiztea adostu arren, hark «negoziaeniza» deritzo «lurralde osotasunari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.