"Lehen datuen arabera, hirurehundik gora miliziano hil eta 500 inguru zauritu dira. Ukrainako soldaduei dagokienez, berriz, bi soldadu hil eta 45 zauritu dira", adierazi du Vladislav Selezniov Kievek atzo abiatutako operazio militarreko eledunak. Hark azaldu duenez, bi aldeek borrokan jarraitzen dute Slaviansk eta Krasni Liman hirietan.
Aldiz, milizia errusiazaleek leporatu diote armadari Krasni LImango erietxean zeuden eriak exekutatzea. Kieveko iturrien arabera, hiria dagoeneko armadaren kontrolpean dago, eta Slaviansken gaineko setioa ere gero eta estuagoa da.
Bestetik, Ukrainako presidente Alksandr Turtxinov aztertzen ari da Donetsk eta Luhansk eskualdeetan gerra legea ezartzea. Bart eman zuen bere asmoen berri, eta eskatu zien Defentsa eta Barne ministerioei horretarako eman beharreko pausoak aztertzeko. Azken hiru egunetan borrokak nabarmen gogortu dira inguru horietan.