Azken agurra, detaileen zain

Amildutako hegazkinari buruzko datu berrienek are gehiago nabarmendu dute kopilotuaren figura: etxean topatu dizkioten agirietan oinarrituta, gaixoaldian behar zukeela ondorioztatu dute

Samara Velte.
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako Alpeetan amildutako hegazkinari buruzko datuak argitu ahala, senideak ere etxera itzultzen hasi dira ezbeharraren lekutik. Erreskate taldeek bidaiarien gorpuzkiak bilatzen jarraitzen dute hondakinen artean, eta bigarren kutxa beltza topatzea da oraindik haien lehentasuna, hark gertaturikoaren inguruko xehetasun gehiago eman ditzakeelako. Nolanahi ere, tragediaren koadro xehatu samarra osatua dute fiskalek eta komunikabideek.

Germanwings konpainiaren hegazkinak astearte goizean jo zuen lurra, Bartzelonatik Dusseldorferako (Alemania) bidea egiten ari zela. Kutxa beltzetako batetik ateratako grabaketetatik ondorioztatu dute kopilotuak borondatez jaitsarazi zuela, pilotua une batean kabinatik atera zela baliatuz. Orain, ikerketaren aurkikuntza berrienak kopilotuaren figuran proiektatu du arreta mediatiko osoa, eta bide eman dio morbozko albiste saldoari: Dusseldorfeko fiskalak azaldu duenez, Poliziak gaixo agiriak topatu ditu 27 urteko gizonezkoaren etxean. Kopilotua tratamendua jasotzen ari zela ondorioztatu dute, baina ez ziola hegazkin konpainiari gaixotasunaren berri eman; paper horien arabera, asteartean ere bajan egon behar zukeen. Bestelako hipotesiak berresteko balioko lukeen elementurik, ordea, ez dute topatu: ez agur gutunik, ez eta «kutsu politiko edo erlijiosoa» zeukan ezer. Alemaniako hedabideek argitaratu dute kopilotuak «depresioa» eta «buruko arazoak» izan zituela lehendik, eta bazela denbora tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zela.

Langileen kritikak

Pilotuen elkarteak ez dira konforme agertu auziari ematen ari zaizkion trataerarekin: presio mediatikoaren ondorioz ikerketetako informazioa azkarregi argitaratzea leporatu diete fiskalei. Halako kasuetan hilabeteak behar izaten dituzte kutxa beltzeko grabaketak aztertzeko bakarrik, baina oraingoan berehala atera dira xehetasunak argitara. SNPL Frantziako pilotuen elkargoak salaketa jartzeko asmoa ere iragarri du, sekretua urratzeagatik.

Germanwingsen jabe Lufthansak nabarmendu du aste honetakoa «kasu bakana» dela, eta ez zegoela aurrez ikusteko eta saihesteko modurik. Nolanahi ere, aurrerantzean pilotuaren kabinako araudia aldatzea adostu dute Alemaniako hegazkin konpainiek: AEBetan bezala, gutxienez bi pertsonak egon beharko dute beti gela horretan, inor ez dadin sekula bakarrik geratu. Europako Batasuna ere hasi da aztertzen ea neurri hori estatu guztietan sartu behar litzatekeen indarrean, baina, horretarako, lehenbizi konpainiekin eta tokiko gobernuarekin hitz egin behar luke. Erresuma Batuko kostu apaleko konpainia batzuek jada erabiltzen dute sistema hori; Portugalgoek eta Espainiakoek asmo bera iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.